Segurola eta Endika Sagardoaren Txapelketako lehen finalistak dira

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 26a, 12:00

Segurolak eta Endikak Sagardoaren txapelketan jokatu dituzten sei partidak irabazi dituzte. Finalean izanen dira.

26 tanto egitea aski zuten, baina irabazi egin zieten Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ari

Petritegi ordezkatzen duten Segurola eta Endika saldiastarra dira Sagardoaren Txapelketako lehen finalistak. Ortzegunean jokatutako partidan 26 tanto egitea aski zuten baina 40-38 irabazi zieten Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ari (Oialume Zar).

Partida guztian aitzinetik ibili ziren Petritegikoak eta 14 tantoko aldea izatera ailegatu ziren (27-13). Preziski hor sailkapena segurtatua zutela jakitun izan ziren eta lasaitu egin ziren. Urdinek, bere aldetik, lanean segitu zuten eta tanto bakarrera hurbiltzea ere lortu zuten (36-35). Baina ez zuten partida iraultzea lortu eta azkenean 40-38 irabazi zuen Petritegik. Orain, bertze finalista zein izanen den jakitea bakarrik falta da: Urriza eta Zalduak, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Garcésen kontra jokatuko duten partidaren irabazlea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun