Doneztebeko Udalak hiru sorosle kontratatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 23a, 18:00
Lanaldi murriztua (%80a) eskainiko dute.

Eskaintza interesatzen zaienek maiatzaren 3ra arte eman dezakete izena

Doneztebeko Udalak udan igerilekuan lan egiteko hiru sorosle kontratatuko ditu. Lanaldi murriztua (%80a) eskainiko dute eta parte hartzeko adin nagusikoa izatea, sorosle titulua, DESA delako egiaztagiria eta B2 euskara-maila eskatuko dute (ahozkoa baloratuko da).

Interesatuek Curriculum Vitaea eta eskatutako dokumentazioaren kopia bat aurkeztu beharko dute. Maiatzaren 3ra arteko epea zabaldu dute eta dokumentuak udaletxeko bulegoetara eraman behar dira, 09:00etatik 14:00etara.

Hautaketa-prozesua

Eskatutako hizkuntza eskakizuna betetzen ez duten hautagaiek maiatzaren 8an proba baztertzaile bat egin beharko dute; eta bertzalde, hautagai guztiek maiatzaren 10ean, 11:00etan proba idatzia eginen dute herriko liburutegian.

Azken proba horretan, gehienez ere, 80 puntu eskuratu ahal izanen dituzte; gainerako 20 puntuak, berriz, lan-esperientziaren bidez lortu ahal izanen dira, honela baloratuko delarik: bertako zerbitzuan aritutako denbora (hilabete bakoitzeko puntu bat) eta bertze herri bateko zerbitzuan aritutako denbora (hilabete bakoitzeko puntu erdia).

Esperientzia hilabete osora ailegatzen ez bada proportzioa baloratuko da, eta gisa berean, lanaldi osoa ez bada, horri dagokion zenbatekoa izanen da kontuan hartuko dena.

Lan-poltsa

Lanaldirik lortu ez duten hautagaiekin lan-poltsa osatuko da, ordezkapenak edo bajak betetzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun