Oinez egiten dituen ibilalditxo horietan inguruari erreparatzeko aukerarik ez du galtzen eta bidean geldialdiak egiten ditu: «argazkizale amorratua naiz eta argazkiak ateratzeko aukera edozein momentutan ikusten dut, hortaz, noan tokira noala kamara ez bada mugikorra eramaten dut». Argazki bakoitzak «momentu eta bizipen bat eta horrek eragindako sentimendua» gordetzen dituenez, horiek oroitzapen gisa gordetzea «hagitz polita» iruditzen zaio.
Argazkien aitzakiapean, naturaz gozatzeko aukera aurkitu du doneztebarrak: «duela gutti mendi-bueltatxoak egiten hasi naiz. Ederrak dira naturaren erdian atera daitezkeen argazkiak!». Berriki hasia da eta momentuz Doneztebe inguruan ibiltzen da. Urruti joan gabe, «txoko politak» izan badaudela argitu du eta horien artean Leurtzako urtegia eta Doneztebe-Legasa-Gaztelu- Doneztebe bidean, bukaeran herria goitik ikusten den tokia» nabarmenduko lituzke.
Errekako seniorrak eskubaloian egin duten denboraldi borobilarekin gozatu egin dut
Kirolaria baino «kirolzaleagoa» da: «Realzale amorratua naiz eta orain Errekako seniorrak eskubaloian egiten ari diren denboraldi borobilarekin ere aunitz gozatzen ari naiz, lerro hauen bidez zoriondu nahi nituzke». Gustuko du eskubaloia, maite du futbola eta «haurrak ttikiak zirelarik» partidetara joateari utzi behar izan zion arren, ohitura berrartzen hasia da: «Anoetan jokatzen dutenetan joaten saiatzen naiz». Partida bakoitza «gozamena, azaldu ezin den sentsazioa» da berarentzat, eta txuri-urdin sentitzea «izugarria» dela gaineratu du. Momentu bakoitzari berea errana ederki aski bete du Juanotenak: «amatasuna ez da zaletasunak garatzeko oztopo izan eta atautxi-amatxiei esker lana eta zaletasunak uztartzea erraza da». Duenarekin eta «alaben poztasunarekin» aski du zoriontsu izateko. Horrek, ordea, ez dizkio ametsak itzalarazi: «etorkizunari Reala txapeldun izatea eta jokalari ohi bat bisitatzeko Uruguaira bidaia bat egitea gustatuko litzaidake».