Bestak iragartzeko kartel-lehiaketa antolatu du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 17a, 08:30
Lanak besta giroa islatu beharko du.

Maiatzaren 8ra arte aurkeztu ahal izanen dira. San Migel ikastetxeko lehiaketa ere martxan da dagoeneko.

Sanpedroak iragartzeko, Udalak  IV. kartel lehiaketa antolatu du. Lehiaketa honetan parte-hartze idekia da eta interesatuek maiatzaren 8ra arte izanen dute lanak aurkezteko aukera, udaletxeko bulegoetan.

Formatua eta teknika
Formatua eta teknikari dagokionez, honako oinarriak errespetatu behar dira: lanak A3 tamainan inprimatuko dira (29,7 x 42,2 cm) eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, 240 gutxienezko erresoluzioa dutela. Nahitaez, 'Doneztebeko bestak, ekainaren 28tik uztailaren 2ra' testua izan behar dute. Pertsona bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahal izanen du.

Irabazlearen lanak kartela eta bestetako aldizkariaren azala janzteaz gain, 150 euro jasoko ditu

Lana sinatu gabe entregatuko du eta lanarekin batera sobre itxi batean egilearen izen-abizenak eta kontakturako telefonoa edo posta elektronikoa agertu beharko dira. Bestetako komisioak aurkeztutako lanak baloratu eta lanik hoberena aukeratuko du. Irabazleak 150 euro eskuratuko ditu eta bere lanak bai kartela nola bestetako aldizkariaren azala jantziko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun