Malerrekako herri eskolen topaketa apirilaren 17an eginen dute Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 15a, 06:30
Bederatzigarren aldiz eginen dute Malerrekako eskola ttikien topaketa.

Topaketaren IX. edizioa da eta goiz-pasa egiteko hainbat ekintza prestatu dituzte 

Saldias, Beintza-Labaien, Ituren, Legasa, Narbarte eta Sunbillako eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoak Sunbillan elkartuko dira apirilaren 17an, Malerrekako Herri Eskolen IX. Joko Topaketa egun horretan ospatuko baita. Bertze urte batez, goiz-pasa ederra osatzeko egitaraua prestatu dute.

Asteazkenean 09:15ean, frontoian elkartuko dira eta azalpen ttiki baten ondotik, kanta abestuko dute. 09:30etik aitzinera adinaren arabera banatu eta jokoetan ibiliko dira. Eguraldi ona bada, Haur Hezkuntzakoak frontoiko plazan jolasak eginen dituzte eta Lehen Hezkuntzakoak herri-kiroletan ariko dira plazan. Eguraldi txarra baldin bada, ordea, Haur Hezkuntzakoak tailerra eginen dute beheko eskolan eta zaharrenek goiko eskolan bertze tailer bat.

11:00etan hamaiketakoa eginen dute eta ordu erdiren buruan, neska-mutikoek Zirkozaurrerekin gozatzeko aukera izanen dute. 12:40an, berriz, bakoitzak bere herrira bueltatzeko autobusa hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun