Sunbillan eskola berria egiteko lurren okupazioa presakoa dela deklaratu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 21a, 18:00
Lur-eremu hau desjabetu eta bertan eskola eraikitzeko asmoa dago.

2.532 metro koadroko lur-eremua desjabetu eginen dute

Nafarroako Gobernuak, martxoaren 20ko bere saioan, Sunbillako Udal-Planeko Eskola berria-Sistema Orokorraren betetzeak eragindako eskubideen eta ondasunen okupazioa, beharrezko desjabetzerako, presakoa dela deklaratzen duen akordio bat onartu egin du.

Aipaturiko udal-planeatzeak aurrez ikusten du eskola berrira zuzendutako 2.532 metro koadroko lur-eremua, gaur egun titulartasun pribatukoa dena. Udal-planeatzeak ekintza hori desjabetze sistemaren bidez gauzatuko dela ezartzen du.

Sunbillak urteak daramazki eskola berria eskatzen. Gaur egun, arauditik kanpo dauden bi eraikinetan banatuta daude ehun bat ikasle, Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bertzetik. 2016an Hezkuntza Batzordeko parlamentarien bisita jaso zuten eta hauek, instalazioen egoera kaxkarra ikusteko aukera izan zuten. Horregatik, ikastetxe berria eskatzen zuten ikasle, irakasle, guraso eta udal ordezkariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun