Zubietako plazaren mendeurrenaren harira bilera larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 19a, 17:00

Asmoak helarazteko eta ideiak, iritziak eta aukerak partekatzeko bilduko dira martxoaren 23an.

Herriko Ostatuan bilduko dira eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete

Aurten 100 urte beteko ditu Zubietako plazak. Mendeurrena ospatzeko, herritar talde bati ekitaldiren bat antolatzea gogoratu zaio.

Artxiboetan bilatu, argazki zaharrak bildu, adinekoen oroitzapenak jaso eta plaza apaintzeko ideia ez ezik, jaialdiren bat antolatzeko asmoa ere badute: erakusketa, pilota partidak lehengo plaza-jokoak, herri-bazkaria (bertsolari eta trikitilariekin) eta dantzaldia dira buruan darabiltzaten ekitaldiak.

Parte hartzeko deia
Asmoak helarazteko eta ideiak, aukerak edota iritziak partekatu ahal izateko martxoaren 23an, heldu den larunbatean, bilera antolatu dute. Herriko Ostatuan zehaztu dute hitzordua, ilunabarrean, 19:30ean.
Bilkurara joateko gonbidapena «interesa duten herritar guztiei, zaharrei, gazteei zein haurrei» luzatu nahi izan diete eta dagoeneko Udaleko ordezkariei ere horren berri eman diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun