Malerrekako Kultur Bira Ituren eta Eratsunera ailegatuko da aurten

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 20a, 09:03
Mikel Martinezen bakarrizketa eta Palenka&Julianen musika izanen dute larunbatean Iturenen.

Martxoaren 23an Iturenen eta martxoaren 30ean Eratsunen

 

Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, eta Ituren eta Eratsungo udalek Malerrekako Kultur Bira antolatu dute. Kultur bira hau antolatzen den zazpigarren urtea izanen da. 2019ko edizio honetan ere programazio erakargarri bat eskaini nahi izan diete Malerrekako biztanleei. Kultur Bira martxora aldatu da aurten eta bi egunez eginen da, martxoaren 23an eta martxoaren 30ean, Iturenen eta Eratsunen, hurrenez hurren. Emanaldi guztiak doanekoak izanen dira.

Martxoaren 23an Iturenen

Martxoaren 23an, larunbatean 19:30an Udaletxeko ganbaran Mikel Martinez aktore ezagunak ”Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” bakarrizketa eskainiko du.

Taberna baterako bakarrizketa da. Tabernariak bere ohiko bezeroak konbokatu ditu, kaña bat ondo botatzen erakusteko. Aitzakia bat da, bere kezkak, arrangurak, ilusioak eta desio frustratuak azaleratzeko. Formari dagokionez, egitura berezia proposatzen du, istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Hau ez da kapritxo estetiko bat, narrazioaren muinarekin lotuta baitago: denbora eta ekonomia eredu berrien gatazka.

Ondotik, 20:30ean, Palenka&Julian musika hirukoteak kontzertua eskainiko du leku berean. Palenka 2004an Hendaian sortutako taldea da, eta Pavel Polasek eslobakiarrak eta Lenka Polaskova txekiarrak osatzen dute. 2016an Julian Cobzaru musikari errumaniarra batu zen taldera. Taldekideen jatorri ezberdinen ondorioz, sortzen duten musikan nahasketa berezia sortu da, musika eslabiarra, balkanikoa, swing-a, runba…

 

Martxoaren 30ean Eratsunen

Martxoaren 30ean, larunbatean 11:00etan Eratsungo eskolan izanen da Pello Añorga ipuin kontalaria.

Pello Añorga irakaslea, ipuin-kontalaria eta idazlea da. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian eta irakasle aritu zen 1986 urtera arte. Geroztik, buru-belarri murgildu zen ipuin-kontaketan, lan hori haurrentzako liburuen idazle lanarekin uztartuz. Ipuinak kontatzeko iturriak aipatzerakoan ahozko tradizioko ondarea, ipuin klasikoak, munduko mitologia, norberaren liburuak eta bizipenak, eguneroko albisteak eta gaur egungo albumak nabarmentzen ditu besteak beste.

13.00etan Malerreka kantuz eginen da Eratsungo karriketan barna.

18:00etan, ‘Bakarrizkanta’ bakarrizketa eskainiko du Barry Manley irlandarrak.

Barry Manley irlandarrak urte asko daramatza Euskal Herrian. Hizkuntzak betidanik gustatu izan zaizkio eta bertan geratzea erabaki zuenean euskara ikasi behar zuela argi ikusi zuen, baita ederki ikasi ere. Manleyk, umorea eta musika lagun, ikuskizun ederra eskainiko du Eratsunen.

21:00etan afari autogestionatua eginen dute Elitxen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun