Javier Sein iturendarra da Rural Kutxa BTT Kopako lehen liderra

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 7a, 08:30
Javier Sein iturendarra podiumean, maillot horiarekin. Kopako lehen lasterketa irabaztea lortu zuen.

23 urtez beheitiko kategorian lehiatu arren, Fiteroko proba nagusia irabazi zuen igandean eta Koldo Herrera sunbildarra hirugarren izan zen kadete mailan

Rural Kutxa BTT Kopako lehen lasterketa burutu zen igandean Fiteron eta Javier Sein iturendarrak garaipena lortu zuen. Ia 500 txirrindulari atera ziren kategoria guztietan eta 23 urtez beheitikoan lehiatu arren, proba nagusia ere irabazi zuen SH Metalgraf taldeko iturendarrak.

6 kilometroko zirkuituan aritu ziren eta lehen itzulia eman orduko laukotea aitzinean gelditu zen: faborito nagusia zen esmtb.com taldeko Ismael Ventura kataluniarra eta SH Metalgraf taldeko hiru txirrindulari: Javier Sein iturendarra, Aitor Izkue eta Javier Torres. Hauek talde-lana egin zuten eta Torres izan zen gibelean gelditzen lehena. Seigarren itzulian, azkenekoan, hirukotea gelditu zen eta horien artean Izkue erori zen hurrena. Azkenean, beraz, Sein eta Venturaren arteko sprintean iturendarra izan zen bizkorragoa. Lasterketa nagusiaz gain, 23 urtez beheitiko maillot horia jantzi du Seinek.

 

Koldo Herrera sunbildarra hirugarren kadete mailan

Aipatzekoa da kadete mailan hirugarren izan zela Grupo Elektra taldeko Koldo Herrera sunbildarra, Gabriek Etxeberri taldekidearen eta Saltoki-Olza taldeko Alfonso Fernandezen gibeletik.

Rural Kutxa BTT kopako bigarren lasterketa Faltzesen eginen dute martxoaren 17an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun