Master Cup txapelketako finalerdietatik kanpo gelditu da Naroa Elizalde zubietarra

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 4a, 13:00

Naroa Elizalde Gordexolan, ezkerretik hasita bigarrena.

Araitz Eizagirrerekin bikotea osatuz, zubietarrak Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup txapelketako bi partida jokatu ditu asteburuan. Horietatik bat irabazi du eta bertzea galdu, eta ez du promozio mailako finalerdietara sailkatzea lortu.

Zubietarrak bi partidak larunbatean jokatu zituen Gordexolako pilotalekuan (Bizkaia). Lehendabiziko partidan, Elizaldek eta Eizagirrek Enara Gaminde eta Nagore Bilbao izan zituzten aurkari. 12-18ko margailuarekin nagusitu ziren zubietarra eta Eizagirre. Bigarren partida Madalen Etxegarai eta Uxue Osesen aurka jokatu behar izan zuten eta honetan, ordea, gehiago izan ziren aurkariak. Elizaldek eta Eizagirrek 15-18 galdu zuten.

Kanporaketak akituta, heldu den larunbatean, martxoak 9, Legazpin (Gipuzkoa), jokatuko diren finaleridetan ariko direnak hauek izanen dira: Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabal, Madalen Etxegarai eta Uxue Osesen kontra ariko dira, eta Ane Mendiburu eta Laia Salsamendi, Maria Granado eta Ainhoa Lakuntzaren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun