«Desfilean karrikak jendez betetzen dira»

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 26a, 14:00
Iban Juanena, kuadrilarekin Doneztebeko inauterietan.

IBAN JUANENA • Doneztebeko gaztea

Lan guztiak alde batera utzi eta «gogo handiarekin» bizi ditu inauteriak Iban Juanenak. Egun bereziak, bakarrak, dira berarentzat: «ama tolosarra da eta han inauteriak bizi egiten dituzte. Ttikitatik barneratu didana izan da». 

Ortzegunetik larunbatera ez du atsedenik hartzen: «Herriko Ostatuan afaria eginez hasten ditugu; ortzira­lean herriko gazte guztiak baserriz baserri ibiltzen gara, bazkaldu, mo­zorrotu eta bestan bukatzen dugu; larunbatean, berriz, karrozen desfilea egiten dugu».

 

Orga «ikusgarriak»

Momentu guztiak «bereziak» badira ere, «politena» hondarreko egunean inauteriak borobiltzeko egiten duten buelta da doneztebar gaztearentzat: «lan handia egiten dugu igandeko mozorroa eta karroa prestatzen, eta egindakoa jendaurrean erakustea ederra da». Orokorrean, atera ohi di­ren karrozek «gibeletik lan handia» izaten dutenez, «karrikak jendez bete­tzen» direla adierazi du.

Haurrak zirela gurasoen laguntza­rekin egiten zituzten prestaketa-la­nak. Koxkortu ahala, ordea, gurasoen laguntza utzi eta bakarrik egiteari ekin zieten: «duela hamar bat urte, bakarrik atera ginen lehendabiziko urte hartan, mini-moto batekin bul­tzatu genuen karroa».

Ordutik hainbat «eta urtetik urtera hobeak» izan dira landutako gaiak eta orgak. «Itsasontzi haundi bat» egin zutenekoa du gogoan, «aunitz» gus­tatu baitzitzaion. Dena dela, ikusleen­tzat politena joan den urtekoa izanen zela gaineratu du: «Moulin Rouge ka­baret karroza egin genuen eta txapel­dunak izan ginen…».

 

«Umorea» helburu

Jantzia edozein izanik ere, bada bere kuadrillak berezkoa duen zerbait. «Urtez urte prestaturiko mozorroari gordinkeria ukitu bat ematen» saia­tzen dira. Jakin badakite «ikusle guz­tiei ez zaiela gustatzen» baina horren helburua «umoretsu eta aldarte onean egotea» dela gaineratu du.

Normalean gaia pentsatu eta «hiru bat aste lehenago» hasten dira buru­-belarri lanean. Hamabortz lagun in­guru bildu eta «dezentea» den zerbait plazaratzeko «eginahalak» egiten di­tuzte. Ttikikeria batzuk falta badituz­te ere, aurtengoa dagoeneko martxan dute: «denbora gutxi behar izan dugu, joan den urtekoa desegin gabe genue­nez hori baliatu dugu eta».

 

Elkarlanean

Kuadrillarekin orga prestatzen egiten duen lanaz gain, inauterien bueltan Udalak antolatu ohi dituen bileretan ere parte hartzen du: «gazteok eta Udalak otorduak eta bertzelako kon­tuak zehaztu behar izaten ditugunez, lagun-taldetik baten bat joan behar izaten da». Guztien elkarlanari esker, aurten ere inauteri ederrak prestatu dituzte Donezteben: «ongi pasatzeko ezer txarrik ez gertatzea baino ez dugu behar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun