Joxean Etxeberria erraz nagusitu da Doneztebeko aizkora apustuan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 25a, 14:00

Etxeberria eta Corchero, apustuaren ondotik.

Zigakoak ia 6 minutuko aldea atera dio Eloy Corchero arabarrari 

Urteko lehen aizkora desafioa jokatu dute igande eguerdian Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Zigako Joxean Etxeberriak eta Araiako Eloy Corcherok. Jendetza bildu da Donezteben, baina apustuak ez du emozio handirik izan, hasieratik bukaerara nagusi izan baita baztandarra.

Hasierako bi kanaerdikoetan paretsu ibili dira Etxeberria eta Corchero, baina lehen oinbikoan aldea hartu du Zigakoak eta alde hori handitzen joan da. Lan erdietan minutu eta erdiko aldea du eta alde hori ia sei minutura joan da apustu bukaeran. Etxeberriak 49 minutu eta 2 segundo behar izan ditu zortzi kanaerdikoak eta lau oinbikoak mozteko eta Corcherok, berriz, 54 minutu eta 57 segundo. Alde bakoitzak 3.000 euro jarriak zituen jokoan eta horiek, beraz, Etxeberriarentzat izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun