«Sagar basatiak bildu eta bertakoekin txertatzen ditut»

Arantxa Iturralde 2019ko ots. 24a, 11:00
Juan Gamio, Zubialde patxakak mindegiko sagarrondo bat zaintzen.

 Juan Gamio • Beintza-Labaiengo Zubialde patxakak

Juan Gamio labaiendar gaztea dugu. Aitzindaria  da sagar paxaken jardueran, mintegien sortzaile aritzen da.  Duela bi urte murgildu zen proiektu berri horretan. Azpimarragarria da Juanek herrian gelditzeko eta herriaren alde  egin duen apustua, gehienbat herriari bizia emateko asmoarekin. Pozik eta gustura dago bai hartutako erabakiarekin, baita bere bizitzan ireki duen bide berri honekin ere.

Nola hasi zinen proiektu honetan?

Lehen fabrikan aritzen nintzen. Afizioa hartzen joan nintzen heinean, nire denbora sagar landareei eskaintzen hasi nintzen. Gaur egun saltzen diren sagar landareak adaxkatik sortuak dira eta lehengoak, berriz, hazitik sortutakoak zirela konturatu nintzen. Hau dela eta, sagarraren benetazko esentzia berreskuratzeko eta mantentzeko sortua da proiektu hau.

Izan al duzu laguntzarik proiektu hau aurrera eramateko?

Ez, nik bakarrik sortua da. Gero, badira hainbat erakunde, unibertsitate publikoa esaterako, barietateak erregistratzen laguntzen  didatenak. Bestalde, jende helduen informazioa ere jaso dut gai honen inguruan. Laguntza horiek guztiak neronek bakarrik bilatu  ditut.

Nola lortu duzu gai honen inguruko ezaguera?

Ez dago eskola edo instituturik produktua nola sortzen den erakusten dizunik. Hau berria da. Europan ez dago lan honetan jarduten denik,  sagar basatitik sortzen duen bakarra neu izanen naiz. Nik landareak sortzen ditut, mendian sagar basatiak bildu eta behin landareak sortzen direnean, Euskal Herriko barietateekin txertatzen ditut. Beraz, bi pilare dauzka: batetik, landare basati bat sortu eta bestetik, barietate zaharrak txertatzen ditut, bertakoak direnak.

Zer irtenbide dauka merkatuan produktu honek?

Orain sagardotegietan sartzen ari naiz pixkanaka-pixkanaka. Horiei bakarrik oinak saltzen dizkiet, txertatu gabeak. Beste bezero guztia partikularra da.

Nolako etorkizuna ikusten diozu lanbide honi?

Etorkizuna badauka bai. Kontua da orain arte, batetik jendearen ezjakintasunagatik eta bestetik lana handia duelako landareak modu horretan sortzeak, bi arrazoi horiengatik, ez zela horrela egiten. Baina orain jendea konturatzen hasi da adaxketatik sortutako landareak gaitzendako eta gaixotasunendako askoz ere motelagoak direla. Bestalde, sagarraren kalitateak ere ez du deus ikustekorik. Hau dela eta, eskaera asko ditut eta gehiengoa saldua dut jadanik,  nahiz eta oraindik gutxi  batzuk gelditzen zaizkidan.

Arrakasta daukala ezin daiteke ukatu orduan, ez da hala?

Bai, joan den astean Arrasaten eta Amurrion egon nintzen. Ferietan nire burua ezagutzera ematen dudanez, gero bezero asko etxera etortzen zaizkit. Bidea egin beharra dago berezoak lortzeko. Batez ere ahoz aho ematen dut ezagutzera produktua. Interesaturik dagoenarentzat  web orri  hau bisitatu dezake: (www.zubialdepatxakak.com).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun