«Ezpela gaitzak jota dago baina zorionez gaitzak oraindik enborrean ez du eragin»

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 23a, 11:00

Gehien bat ezpela lantzen du Jose Luis Anso eskulangile oiztarrak.

Jose Luis Anso • Oizko eskulangilea

1994an, 34 urte zituela, hasi zen ezpela lantzen Jose Luis Anso. Ordurako egurrarekiko harremana ez zen arrotza berarentzat. Batetik, aita koilarak egiten aritzen zelako, eta bertzetik, ordura arte zerrategi batean lan egina zelako. 

Belaunaldiz belaunaldi

Herrian bertan eta inguruan gutti izanen dira ansotarren lana ezagutzen ez dutenak. Izan ere, urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi lanbide berari atxikita bizi izan dira: «atautxi erronkariarra zen sortzez, baina gure eskualdean ezpel aunitz zegoela ikusi eta familia guztiarekin hona etortzea erabaki zuen. Garai hartan berak den-dena mendian eta eskuz egiten zuen. Ondotik aita horri lotu zitzaion eta nik aita erretiroa hartzekotan zenean eman nuen pausoa». Lehendabiziko urteak bizitokian bertan zuten «etxabe ttiki batean» pasa zituen. Hasiera guztiei berezko zaien bezala, momentu horiek «nahiko gogorrak» izan ziren berarentzat: «ia tresneriarik gabe egiten nuen lan». Hortik bizitza ateratzea «ezinezkoa» zenez, pixkan-pixkan baldintzak hobetzeko lan egin zuen: «Gobernuak artisau gazteoi emandako diru-laguntza bati esker, etxabea mantendu eta terraza egokitu ez ezik, zerra eta lixatzeko tornuak erosi ahal izan nituen».

Horri esker, gaur egun «koilarak, sardeskak, bitsaderak, paletak eta bertzelako sukalderako etxe-tresnak egiteko» txoko polita eta praktikoa du. Egunean «zortzi ordu inguruz» bertan egon ohi da: «lanaren arabera antolatzen naiz, badira hamar ordu pasatzen ditudan egunak ere, baina orokorrean eguneko 50-60  koilara inguru egiten ditut».

 

Azoken gainbehera

Gaur egun, salgai gehienak «Iruñera, Granadara, Galiziara…» bidaltzen ditu eta, oro har, «burdindegietan» saltzeko izaten dira. Zenbait azoketan «Basaurin, Gernikan, Iruñean…» ibiltzen bada ere, gaur egun horietan «arrunt gutti» saltzen duela nabarmendu du: «niretzat erosoagoa eta probetxuzkoagoa da burdindegiekin dudan hartu-emana. Eskatzen didatena bidaltzen diet beraiek sal dezaten».

 

Prozesu luzea

Bere lana ez da etxean hasi eta akitzen. Aitzinetik lanerako materiala eskuratu behar izaten du: «deus baino lehen Udaletxera joaten naiz, ezpela eskuratzeko baimen eske». Tonelada bat egur hartzeko «40 euro inguru» ordaindu eta mendira joaten da: «ezpela moztu, etxera ekarri eta lantzen hasten naiz».

Hasteko, «menditik ekarritako egur hori egin beharreko tresnaren tamainara egokitzeko moztu egiten dut, 30-35 zentimetroko luzera eta koilararen diametroaren araberako zabalera emanez». Soberan duen materiala ttikiagoak egiteko baliatzen du: «ahal den guztiari etekina ateratzen saiatzen naiz, ezpela ateratzeak bere lana baitu...».

Ez da goizetik gauerako prozesua ale bakoitzaren gibeletik egiten duena. Izan ere, «zerran moztu eta markatu ondotik, neguan 20-30 egun behar izaten ditu idortzeko, udan guttiago, 12 inguru». Ondotik lixatu egin behar izaten du.

Zenbaitetan pagoa erabiltzen badu ere, «bereziki» ezpelarekin egiten du lan: «ezpela material sendoa, gogorra eta iraunkorra da, tresna horiek egiteko dagoen hoberena». Dena dela, Erribera aldean zenbaitetan «metroko tresnak» eskatzen dizkiote eta halakoetan ezpelarekin egitea «arrunt zaila» zaionez, pagoa erabiltzen du: «ezpela gogorregia da okertzeko».

 

Ezpelaren gaitza udaberrian «nabarmenagoa»

Nagusiki ezpela du Ansok lehengai, eskualdean «aunitz» dagoen materiala izanagatik, azken urteotan gaitzak jota dagoena. Adierazi digunez, «Asiatik etorritako tximeleta batek eragin du gaitza». Neguan «tximeleta horiek ez dira horren agerikoak», baina udaberrian «tximeletak berriz etorri eta ezpela harrez josten dute».

Gaitz horren eragina bistakoa da eskualdean: «harrek hosto guztiak jaten dituzte eta ezpelak beharrezko du hostoa, bai udan, baita neguan ere». Zorionez, oraindik orain, «enborrean ez du eragin». Horri esker, lanean jarraitzen du oiztarrak. Kezkagarri zaio egoera eta gogoan ditu inguruko mendizainak errandakoak: «haren arabera hiru urteren buruan enborrak ere ez du balioko eta oraindik jubilazioa urruti dut...».

Irtenbidea izan baden arren, horren eraginkortasun eza eta kostua tarteko, gaitza kontrolaezina dela nabarmendu du: «harrak hil daitezke, baina botika arrunt garestia da eta tximeletak akabatzerik ez dagoenez, udazkenetik aitzinera hilabetero bota behar litzaioke... ez da beraz inondik inora errentagarria». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun