Adimen emozionala lantzeko ikastaroa otsailaren 23tik 24ra eginen dute Aurtitzen

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 19a, 14:00
Urtarrilean Etxalarren egin zuten adimen emozionala lantzeko tailerra.

Ikastaro teoriko-praktikoan emozioak zer diren ikasi eta horiek lantzeko baliabideak garatuko dituzte Abarun aterpetxean

Adimen emozionala ezagutu eta lantzeko aukera izanen dute asteburuan, otsailaren 23tik 24ra, Aurtitzko Abarun aterpetxean. Ikastaro teoriko-praktikoa izanen da, eta bertzeak bertze, «adimen emozionalaren gakoak eta gaitasunak» landuko dituzte, «era praktikoan bizitzarako tresnak eskuratuz».

Donna Apellaniz Nieto adimen emozionala jorratu duen irakasle eta aholkulariak, magisteritzan diplomatua denak, eskainiko du saioa.

Bertzeak bertze, emozioak zer diren ikasteko, horien funtzioez hausnartzeko, hiztegi eta kudeaketa emozionala lantzeko, harremanak eta komunikazio ez bortitzaz solastatzeko, gatazkei ebazpen osasungarria ematen ikasteko eta enpatia eta asertibitateaz solastatzeko bilduko dira.

 

Plaza guztiak beteta

Ikastaroak interes handia eragin du herritarrengan eta dagoeneko plaza guztiak beteta daude. Hori horrela, izen-ematea itxita dago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun