Binaka hamahirugarren garaipena jarraian lortu nahi du gaur Utergak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 14a, 06:46
Azkeneko hamani partidak segidan irabazi ditu Xanti Utergak binaka.

Aurten jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu

Sasoiko dago Xanti Uterga doneztebar erremontista eta bide horri eutsi nahi dio. Jokatu dituen azken hamabi partidak irabazi ditu eta hamahirugarrenaren bila aterako da ortzegun honetan, otsailak 14, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko duen partidan.

Doneztebarrak Larrañagarekin osatuko du bikotea eta torneoko bikote gogorrenetariko bat izanen dute aurkari: Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a. Azken horiek dira faboritoak baina Utergak 2019an jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu eta indartsu dago. Hortaz, lehia gogorra aurreikusi dute ortzeguneko partidarako.

Eguneko bigarren partida izanen da doneztebarrarena eta guztira lau jokatuko dituzte erremontistek 16:00etan hasiko den jaialdian. Laugarren partidan, Zubiri goizuetarrak eta Urtasun iruritarrak jokatuko dute. Goizuetarrak Aldabe izanen du lagun eta iruritarrak Arruarte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun