Iturengo inauterietako kontuen eguneko bertso-saioa eskainiko dute ETBko Hitzetik Hortzera saioan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 8a, 12:00
Agin Laburu eta Maialen Lujanbio, Iturengo inauterietako kontuen egunean bertso kantaria. Igandeko 'Hitzetik hortzera' saioan ikusteko aukera izanen da.

Herrietako ohitura eta usadioei buruzko saioa izanen da igandekoa

ETBko ‘Hitzetik hortzera’ igandeko programan herrietako ohiturei kantatuko diete. Iturengo inauterietan, Makeako Libertimenduan eta Usurbilgo santa eskean izan dira eta hango bertsoaldi onenak ekarriko dituzte pantailara. Gainera, Aitzpea Leizaola antropologoarekin hitz eginen dute usadio eta ohiturei buruz. 

Zenbait ohitura eta usadiok lortu dute, urtez urte, gure egutegietan finkaturik jarraitzea. Gauza berezia da hori, dena hain azkar aldatzen den garaiotan. Inauteriak, Libertimendua, santa eskea... bertsolaritzak denetan du presentzia.

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian biziberritzen ari diren Libertimendua zer den ezagutuko dugu; bertakoek azalduko dizkigute ohitura honen nondik norakoak. Jarraian Iturenera joanen dira, bertako inauterietan murgiltzera. Herrian usadio honen ospakizunak izan dituen aldaketei buruz hitz eginen dute iturendarrek, Kontuen Egunean egiten den bertso-bazkarian. Otsaileko ohituren errepaso honetan azken geldiunea Usurbilen eginen dute: Euskal Herriko beste auzo eta herri askotan bezala, santa eskean ateratzen dira kopla kantari.

Iturengo inauterietako Kontuen Eguneko bertso bazkarian Agin Laburu eta Maialen Lujanbio adituko ditugu bertsotan; Makeako Libertimenduan, Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi; eta, azkenik, Usurbilgo santa eskeko kantu jiran Aitor Agirre, Beñat Iguaran eta Oier Iurramendi bertsolarien koplak adituko ditugu.

 

Ohituren zergatian sakontzen, Aitzpea Leizaolarekin

Ohituretara ere ohitu egin ohi gara baina ez dira gauza arrunta. Aitzpea Leizaola EHUko antropologoa da eta usadio eta ohiturei buruz hitz egiteko berarekin elkartuko gara Donostian. Antropologo baten betaurrekoak jantzi eta ohitura hauek nola definitzen diren ulertzen ahaleginduko gara. Bertsolaritza ohitura hauen parte da, eta, besteak beste, ahozkotasunak euskal ohitura hauetan zein paper jokatzen duen galdetuko diogu.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITB Nahieranen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun