Irailetik otsailera bitarte liburutegian digitalizazio-lana egiten aritu dira. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, esleipen bidez, kanpoko enpresa bat kontratatu zuen. Dagoeneko irakurleen aretoko aleak digitalizatuak daude: narratiba, haur eta gazteen aleak, baita ikus-entzunezko materiala ere.
Zerbitzuen erabilera
Hemendik aitzinera mailegua erabili ahal izateko erabiltzaileek Nafarroako Liburutegietako karneta egin beharko dute eta Liburutegi Sareak ezartzen dituen baldintzak eta protokoloak jarraitu beharko dituzte. Norbanakoen bazkidetzaz gain, talde bazkidetza egiteko aukera ere izanen da mailegu bereziak egin ahal izateko.
Katalogoa sarean
Digitalizazioaren ondorioz, Doneztebeko liburutegiko kalalogoa gainerako liburutegietako katalogoak bezala, sarean ikusi ahal izanen da. Erabiltzaileek zein ale eta nola dauden etxetik ikusi ahalko dute. Horretaz gain, eskaerak, erreserbak egiteko aukera ere izanen dute.
Irakurle-gelakoak digitalizatuak
Irakurle gelan dauden liburu guztiak digitalizatuak daude: narratiba, poesia, antzerkia, komikiak, haur eta gazteen liburuak... baita DVDak ere. Osotara 6.000 ale inguru dira digitalizazio-sisteman sartu dituztenak. Ikasketa-gelako aleak, berriz, (gutti goiti-beheiti 4.000 bat ale) CDU sailkapenari dagozkio eta horien digitalizazioa egiten hasiak dira.