74 joaldun bildu dira Iturenen inauterietako astelehenean

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 28a, 16:38

Iturengo 30, Zubietako 26 eta Aurtizko 18ak nahiko lan izan dute mozorroak plazatik uxatzen. Argazkiak: A. Del Castillo, Izaskun Zubialde eta utzitakoak.

Inauteri astelehenean Iturenen bildu dira Zubieta eta Aurtitzko joaldunak, euriari aurre eginez. 74 izan dira guzira, 30 Iturengoak, 26 Zubietakoak eta 18 Aurtizkoak. Bitxikeri bezala, Zubietakoek ttuntturroen ordez bonetak jantzi dituzte: «Garai batean hala egiten zen, euria ari zuenean, ttuntturroak ez hondatzeko», aipatu dutenez.

Goizetik Iturengo ganbaran eta Zubietako Herriko Etxeko arkupeetan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu dira joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, azotea eskuetan... ongi gosaldu ondotik abiatu dira. Iaz bezala, Iturengo Herriko Etxeko ganbarara ezin izan zuten sartu bisitariek eta komunikabideek, hartara, joaldunak janzten dituztenak lasaiago ibiltzeko.

Mozorroak bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek Lasaga aldera jo dute, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausoa bateratu eta Iturengo plazara hurbildu dira.

Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan dute joaldunek mozorroak uxatzen.  Gisa guzietako mozorroak ikusi ziren eta joaldunek nahikoa lan izan zuten beraien itzuliak egiteko.

Joaldunek ongi merezitako hamaiketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, astearterako indarrak gordetzera joan ziren. Asteartean Zubietarren txanda izanen da, eta bertan harrera eginen diete Ituren eta Aurtitzko joaldun eta mozorroei.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun