Erronkak maite ditu, zailtasunei aitzin egitea eta onenen kontra aritzea. Ez da erraz kikiltzen den horietakoa. Ez zituen sobera atsegin ikasketak; bai, ordea, kirola. Gutti izanen dira Maika Ariztegi (Ituren, 1972) adina kirol klase probatu dituztenak. Ez hori bakarrik, segur aski halako emaitzak lortutakorik ere ez da izanen. Txokor biltzen, lasterka, aizkoran, ingudearekin... Mugitu beharrekoak eskuak edo hankak izan, denak fin aski gobernatzen ditu. Horren seinale izan zen 2018a: iaz jokatu zituen zazpi txapelketetatik bortz irabazi zituen: Urrezko Aizkora eta Nafarroako eta Euskal Herriko ingude altxatze eta txokor biltze txapelketak. Euskal Herriko Aizkora Txapelketa eta Urrezko Kopa gelditu zitzaizkion zintzilik.
Nondik datorkizu afizioa?
Betitik gustatu izan zait kirola. Eskola ez zitzaidan hainbertze gustatzen, baina mugitzea aunitz. Bizikletan, mendian, lasterka... Kirola edozein zela ere, nahiko ongi moldatzen nintzen eta gustura ibiltzen nintzen.
Noiz eman zenuen plazarako pausoa?
Lehenbizian, krosak egiten hasi nintzen eta egia errateko, orduan denak irabazten nituen. 15 urterekin atletismo talde batean sartu nintzen. Lehenbizi Malerrekan aritu nintzen eta gero Berako Gure Txokoan eta Iruñeko Beste Iruñan. Pamplona Atletico taldean urte bat edo egin nuen baina pistan ibiltzea nahiago zutenez, eta niri mendian ibiltzea gustatzen zitzaidanez, agudo atera nintzen. Beste Iruña taldearekin Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Espainiako lasterketetan ibili nintzen eta lasterketa aunitz irabazi nituen. Nafarroako Kros Txapelketa 12 aldiz irabazi nuen eta Lizuniagako Igoera 16 aldiz. 40 urte arte ibili nintzen lasterketetan.
Nolako entrenamenduak egiten zenituen?
Nire gisara ibiltzen nintzen. Mendi buelta batzuk, tarteka zelaian lasterka... Batez ere krosetan ibilia naiz, eta baserri aldera malda goiti eta beheiti ibiltzen nintzen, Lasaga auzotik Ameztira (Ituren). Behobia-Donostia lasterketarako entrenatzeko, berriz, Zubieta alderako errepidean ibiltzen nintzen. Baina beti inguruan entrenatu izan naiz, entrenatzaile edo prestatzailerik gabe. Kanpora joateko erraten zidaten, bakarrik izanda zaila izanen zela egunero aritzea. Baina beti izaten nuen entrenatzeko gogoa. Ikaragarri gustatzen zitzaidan eta emaitza onak lortzen nituenez, oraindik gogo gehiagorekin ibiltzen nintzen.
Eta orain herri-kiroletan buru-belarri. Nola hasi zinen?
26 bat urte nituela hasi nintzen. Lasterka ibiltzen nintzela eta, txokorrak biltzen ongi moldatuko nintzela erran zidaten eta saiatzea erabaki nuen. Geroztik, Nafarroako Txokor Biltze Txapelketa egin den aldi guztietan parte hartu dut, baita irabazi ere. Eta Euskal Herrikoan hamabortz txapel jauntzi ditut. Aizkora ere probatu nuen eta nahiko ongi moldatzen nintzela ikusi nuen. Baina aizkoran ez da txapelketa aunitzik egin. Joan den urtean egin zen lehenbiziko aldiz Euskal Herriko Txapelketa eta hiru bakarrik apuntatu ginen, nahiz eta erakustaldietan gehiago garen. Hortaz aparte, 2016az geroztik Donostian Urrezko Kopa egiten da eta lehenbiziko urte hartan irabazi nuen. Ingudearekin Euskal Herriko txapelketa bortz aldiz egin da eta nik lautan irabazi dut, eta Nafarroakoan egin dudan guztietan lortu dut txapela. Orain arpanean ere aritzen naiz, baina erakustaldietan bakarrik.
Aizkora utzi eta hartu ibilia zara...
Bai, garai batean, Kristina Saralegi eta biok herriz herri erakustaldiak eginez ibiltzen ginen. Orduko oroitzapen onak ditut. Sasoi ederra genuen eta ohituta geunden aizkoran aritzera. Ni baserrian aritzen naiz lanean eta eskuetan erabili dudan tresna izan da aizkora. Oraingo umeak mugikorra eskuetan jaiotzen diren bezala, guk sardea, aizkora... izaten genituen. Urte batzuen buruan, Kristinak utzi egin zuen eta nik ere uztea erabaki nuen, adinik hoberenean banengoen ere, bertze inor ez zegoelakoz. Gerora, Nerea (Sorondo), Irati (Astondoa) eta Alazne (Etxaburua) hasi ziren eta berriz apuntatu nintzen.
Aizkoran apustu bat jokatutakoa zara: 2016an, Irune Izkue lagun, Iñaki Aierberen kontra aritu zinen.
Bera etorri zitzaigun desafioka. Bera esku bakarrarekin eta gu txanda librean aritzeko bota zigun, eta aunitz pentsatu gabe baietz erran nuen. Diferentzia haundia eman zigun eta erraz irabazi genuen.
Gazte garaian, bestaren ordez kirola aukeratu zenuen...
Egia errateko, ez naiz sobera bestazalea izan. Herriko inauteriak sakratuak ziren eta ez nintzen ura edatera ateratzen, baina gainerakoan, aise egoten nintzen bestarik gabe.
Ama izanda ere kirolean segitu duzu. Amatasuna oztopo izan da?
Ez. Kristinak utzi zuen garaian ama izan nintzen. Aizkora utzi nuen baina sobera gogor ez bazen ere, lasterka ibiltzen segitu nuen. Haurrak nirekin eramaten nituen, bularra eman eta deskantsuetan ibiltzen nintzen, txirrinta kentzeko adina.
Nola ikusten dituzu emakumezkoak herri-kirol munduan?
Ez gara hainbertze, baina maila polita dugu eta lan onak egiten ditugu. Aizkoraren kasuan, konplikatuagoa da, entrenatzeko egurra behar delakoz eta mozten ikasi behar delakoz. Lasterka, ordea, diferentea da. Maila haundia dago eta jende aunitz dago bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere. Galtza motzak eta zapatila batzuk paratu eta nornahi lasterka ibil daiteke, herri-kiroletan baino errazagoa da.
Herri-kirol mundua parekidea da?
Maila profesionalean, ez dugu behin ere emanen beraien maila. Gizonezkoek indar gehiago dute herri-kiroletarako, baina guk ere lan politak egiten ditugu eta profesionalak ez diren bertze edozein gizonezko baino gehiago gara.
Zure markak hobetuko al ditu inork?
Markak hobetzea posible da. Beharbada lagun bakar batek hainbertze kiroletan markak hobetzea zaila izanen da, baina ingudearekin edo txokorrekin ni baino azkarrago egin dezaketenak izaten ahal dira.
Gaur egun, zein entrenamendu egiten dituzu?
Txapelketei begira prestatzen naiz, hilabete pare bat lehenago hasita. Aizkora txapelketaren bat heldu baldin bada, horretarako prestatzen naiz: astean behin egurrak moztu, lasterka pixka bat ibili, mendi bueltaren bat edo bertze egin... Ingude txapelketa denean, ingudearekin entrenatzen naiz eta txokorrekin berdin.
Elikadura zaintzen duzu?
Urtean zehar ez diot kasu haundirik egiten, baina txapelketetarako prestatzen hastean, grasa guttiago jaten eta pisua mantentzen saiatzen naiz.
Zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Bat ikasten ona izan daiteke ikastea gustatzen zaiolakoz eta horretan segitzen duelakoz. Niri herri-kirolekin horixe gertatzen zait. Herri-kirolak aunitz gustatzen zaizkit eta ez ditut utzi, segitzen dut. Hortaz aparte, lehiakorra naiz eta joaten naizen tokira joatean naizela, ahal dudan guztia eman eta irabazten saiatzen naiz. Lana akitu arte ez dut etsirik hartzen.
Adina ez da muga zuretzat...
Badut adina baina gerra ematen segitzen dut. Bertzeek alde haundia ateratzen didatela ikusiko banu, erretiratuko nintzateke. Baina iaz gerra emateko gai nintzela erakutsi nuen eta aurten berriz saiatuko naiz.
MOTZEAN
Kirolari bat?
Lasterka munduan Martin Fiz eta aizkoran Miguel Mindegia.
Plaza bat?
Donostiako Trinitate Plaza. Ongi moldatu izan naiz plaza horretan eta gustukoa dut.
Apustuak, txapelketak ala erakustaldiak dituzu nahiago?
Txapelketak. Aunitz motibatzen naute.
Noren aurka jokatuko zenuke apusturen bat gustura?
Beti hoberenaren kontra joatea gustatzen zait. Ez zait gustatzen txapelketetara aurkeztea hoberenak hor ez badaude. Gisa horretara irabazteak ez dit graziarik egiten.
Lehengo edo oraingo kirolariak dira hobeak?
Lehen eta orain kirolari onak badira.
Maniarik?
Hondarreko txapelketa kamiseta eta oinetako jakin batzuekin irabazi badut, plazara ateratzen naizen hurrengoan horiek jaunzten saiatzen naiz.