«Tamaina eta estilo guztietako mozorroak josi izan ditut»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 23a, 07:15
20 urte zituela hasi zen Frantxiska Iriarte sunbildarra josten.

Frantxiska IRIARTE NAVAZ, Sunbillako emakumea

Sunbillan sortu eta bizi den 92 urteko emakumea, karta-jokalaria, kirolzalea eta lagunen laguna da Frantxiska Iriarte. Ez du denbora alferrik galtzen, gisa guztietako jarduerak egiten ditu: «astean bitan udaletxean jubilotekako lagunekin biltzen naiz, ordenagailuan denbora-pasak egiten ditut, irakurtzea gustatzen zait…».

Euria edo hotza izanagatik, ez ditu bere egitekoak baztertzen: «eguraldi ederra dagonean oinez buelta bat ematea gustuko dut eta euria ari duelarik bizikleta estatikoan ibiltzen naiz». Egunero ateratzen da etxetik. Izan ere, bertze hiru lagunekin batera ordu eta erdiz karta-jokoan aritzeko biltzen da: «Fonda ostatuan elkartzen gara, ni naiz lauretan zaharrena. Joko berean aritzen gara egunero, 31 izena du. Bi zentimoko bortz txanpon jokatzen ditugu baina etxera joateko ordua ailegatzen denean dirua, berriz ere, banatzen dugu. Horrela ez gara haserretzen».

 

Jostun trebea

Bizitzako hariak ez ezik, oihalak josten ere trebea da sunbildarra. 20 urte zituela hasi zen: «momentu hartan gustuko nuen eta Donostiara joan nintzen jantzigintza ikastera. Zorionez gustuko dudana egiteko aukera izan dut». Hiru lagun biltzen ziren saioetan: «donostiar emakume bat genuen irakasle». Etxekoen urratsak segitu eta irmotzeko aukera izan zuen. Bere amak «etxekoentzat bakarrik» josten zuen, berak, berriz, gisa guztietako lanak egiteari ekin zion. Garai hartan «arropa eginak dendetan saltzen ez zirenez soinekoak, gonak, blusak, trajeak, berokiak… denetarik» egiten ikasi zuen.

Gaur egun, jostunak «gero eta guttiago» direla nabarmendu du: «errazagoa da arropa eginak erostea». Hortaz, «egun, nagusiki, petatxuak eta azpildurak edo tolesdurak egin, kremailerak jarri, arropak mehartu… egiten dut». Dena dela, «norbaitek zerbait zehatza nahi badu» ere jostunengana jotzen dutela gaineratu du.

Inauterien atarian, jantzi andana josi izan ditu sunbildar jostunak. Lehendabizikoa karrozen desfilea hasi zen urtean, 1982an, egin zuen. Ongi oroitzen du aldi hartan semearentzat egin zuen «Aita Santuaren jantzia». Orduz geroztik «pila bat» josi izan ditu: «tamaina eta estilo guztietakoak». Bertzeak bertze, «andaluziarren arropak, mosketeroenak, mexikarrenak, majoretteenak, erromatarrenak, trogloditenak…» egin izan ditu. Berarentzat bereziena soinean eraman zuena izan zen: «jauskariz mozorrotu nintzen aldi hartakoa, motxila eta jausgailuarekin. Hagitz originala izan zen». Oraindik orain, inauteriak hurbildu ahala haria eta orratza eskuetan dituela ibiliko da. Familiakoei beraien lanetan «azken ukituak» egiten laguntzen baitie.

 

Emakumeen afariak mende laurdena

Inauterien garapena barrutik ezagutu du Frantxiska Iriartek: «inauteriak antzina gizonendako ziren eta emakumeek ere parte hartzeko lan egin behar izan zutela» oroitzen du. Zehazki, helburu horrekin egin zuten duela 25 urte lehendabiziko emakumeen afaria. Bospasei urtez hartu zuen parte: «hasiera hartan gutti goitti-beheitti 70 lagun biltzen ginen eta giroa ederra izaten zen: kantatzeko, dantzatzeko eta irri egiteko aukerarik ez zen falta». Hortaz, gaur egun indartzen ari den besta izateak «poz handia» eragiten dio sunbildarrari.

Igandea ere egun berezia izan ohi zen: «karrozak ikustera ateratzen nintzen. Dena isilpean gordetzen zutenez eta sekretua izan ohi zenez, kuadrilla bakoitzak prestatutakoa ikusteko gogo handia izaten nuen». Baditu, zenbait oroitzapenean iltzatuak: «hegazkin batena, Julio Iglesias zetorren bertan; eta Bidasoko merkantziak zekartzan trena, erraterako, ongi eginak ziren». Gaur egun, «etxeko balkoitik» ikusten du desfilea: «suertekoa naiz, hemendik pasatzen dira». Ondotik, «salda beroa hartu eta familiakoekin bazkaltzeko» eguna izaten du.

 

Herriko berriemaile

Luzaroan inauteriez gozatzeaz gainera, horien berri eman izan du. Xorroxin irratiko berriemaile izana da: «zazpi edo zortzi urtez aritu nintzen». Ez du ongi oroitzen nolatan hasi zen lan horretan: «norbaitek aipatu izanen zidan, eta ni prest». Herritar bati txanda pasa bazion ere, irratiarekiko harremana ez du eteten utzi: «etxean naizenetan Sunbillako berriak aditzen ditut».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun