«Ilusioa egiten du lanaren emaitza eskuan izateak»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 12a, 13:00

IZASKUN ZUBIALDE, Zubietako idazlea

Tartalo bere azken lana aurkeztu bidenabar, «jendea euskal literatura irakurtzera animatu» nahi izan du zubietarrak, «eta zergatik ez, idaztera». Bere iritziz, «ez da erraza lan bat argitaletxe batekin argitaratzea, baina autoedizioari esker, kalitateko lan asko ari dira kaleratzen». Idazleen elkarteak sortzen ari direla ere azpimarratu du, «badirudi, idazleak iluntasunetik atera eta argitaratzen ari direla. Pozgarria da benetan».

Urte emankorrak izaten ari dira Izaskun Zubialde zubietarrarentzat, gelditu gabe ari baita, Bakarne Atxukarro eta Asun Egurzarekin elkarlanean, batez ere haurrentzako literatura sortuz. Duela urte batzuk euskal mitologiaren inguruko haurrentzako hiru liburu argitaratu zituzten: Euskal mitologia. Haurrentzako Ipuinak (2014), Euskal Mitologia haurrei kontatua (2015) eta Euskal Mitologia. Haurrentzako Ipuinak II (2016). «Halako arrakasta izan zutela ikusirik» joan den urtean, Olentzero eta Mari Domingi ipuina kaleratu zuten. Kontatu digunez, «lehenengo liburuko ipuina» zen, baina osatu egin zuten; «bakarkako lanean, askoz gehiago zabaldu genuen, ilustrazioekin, antzerkiko gidoiarekin eta abestiak letra eta partiturekin». Aitzineko lanen gisa, honek ere arrakasta «handia» izan zuenez, «beste ipuin bat modu berean ateratzea otu zitzaigun», eta horren emaitza izan da Tartalo, Zubialderen zortzigarren lana. Joan den azaroaren 19an ailegatu zen bere eskuetara eta onartu digunez, «izugarrizko ilusioa egiten du zure lanaren emaitza esku artean izateak». Urte berrian sartuta ere bide beretik lanean segitu nahi du, «geldirik nola egon? Ezinezkoa!», onartu digu.

Zortzi lan
Euskal mitologiaren inguruko ipuin sorta ederra argitaratu badu ere, lan gehiago eginak ditu Zubialdek Atxukarro eta Egurzarekin. Emozioak eta baloreak landuz haurrentzako Sumendia baratzean eta Lekim haitzuloetako gizakia liburuak argitaratu zituzten 2016an eta 2017an, hurrenez hurren. Joan den urtean, berriz, gaztetxoentzat Sarerik gabe argitaratu zuen Atxukarrorekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun