Doneztebeko Liburutegiak indarkeria matxistaren aurkako I. ipuin lehiaketa antolatu du

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 28a, 09:00
12 urtetik goitikoei bideraturiko lehiaketa da.

Lanak euskaraz edota gazteleraz aurkezten ahalko dira. Posta elektronikoz bibliodoneztebe@yahoo.es helbidera bidaliz edo arruntez bidal daitezke eta otsailaren 8a izanen da azken eguna.

 

Doneztebeko liburutegiak, 12 urtetik goitikoendako, indarkeria matxistaren aurkako ipuin lehiaketa antolatu du lehendabizikoz. Aurkezturiko lanak bi kategoriatan banatuko dira: 12-16 urte bitartekoak –DBHko ikasleak– edo 16 urtetik goitikoak.

Euskaraz edo gazteleraz idatzi ahal izanen dira eta parte-hartzaile bakoitzak orrialde bateko lan bakarra aurkez dezake. Ipuin horrek originala, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzia izan behar du; hau da, itzulpenik ez dute onartuko. DIN A4 formatuan, espazio bikoitza eta Arial letraz (12ko tamainan) aurkeztu behar dira.

Gaia eta epea

Lanak sortzeko honako gai hau jarri dute: "Zer eginen zenuke zure inguruko norbaiti bikotekideak tratu txarrak eragiten dizkiola jakinen bazenu?". Lanak otsailaren 8a arte aurkez daitezke posta arruntez (Foru enparantza 1, 31740, Doneztebe) edo elektronikoz bidalita (bibliodoneztebe@yahoo.es helbidera idatziz).

Sariak

Kategoria bakoitzeko hiru sari izanen dira: 12-16 urte bitarteko irabazleak Ostiz liburu-dendan gastatzeko 100 euroko erosketa-txartela eskuratuko du; bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, 50 euroko erosketa-txartela. 16 urtetik goitiko irabazleak 150 euro jasoko ditu; bigarren eta hirugarrenek, berriz, 50 euroko erosketa-txartela.

Lehiaketaren oinarriei buruzko zehaztapenak Doneztebeko Udalaren webgunean ikus daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun