Binakako erremonte finalean Juanenea eta Endika saldiastarrak Uterga doneztebarraren eta Azpirozen kontra ariko dira

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 27a, 07:25

Azpiroz, Uterga, Juanenea eta Endika, pilota aukeratu eta gero. Argazkia: Maialen Andres

Larunbatean 16:00etan hasiko den jaialdiko partida nagusirako pilotak aukeratu dituzte

Binakako erremonte finala jokatuko dute larunbatean Aritz Juanenea eta Endika Urrutia saldiastarrek Xanti Uterga doneztebarraren eta Azpirozen kontra. Abenduaren 26an, asteazken arratsaldean egin zuten piloten aukeraketa eta bertan, Saldiasko bikoteak pilota biziagoak aukeratu zituen, «Uterga ahalik eta guttiena sar dadin jokoan».

Saldiasko bikotea gorriz ariko da, lehen fasea sailkapen buruan akitu zutelako. Halere, fase horretan galdu zuten partida bakarra Uterga eta Azpirozen kontra galdu zuten, hain zuzen. Endikak esperientzia emanen dio bikoteari, Juaneneak lehen aldia baitu txapelketan eta, nola ez, finalean. Endikarentzat laugarren finala da. Horietatik bi irabazi egin ditu, Uterga bera eta Ezkurra lagun zituela eta bertze biak galdu, Urrizarekin eta Ezkurra II.arekin. Saldiasko atzelariaren ustez, «finalak beti zailak dira, urduritasunak azaltzen dira, baina nere esperientzia baliatzen eta Juanenea laguntzen saiatuko naiz». Badaki bikote zaila izanen duela aitzinean: «Uterga joko askorekin dago, bere karreraren unerik onenean nere ustez, eta azkar akitzen du tantoa». Juanenea saiatuko da Utergari aurre egiten. Saldiasko aurrelaria debutaria da, baina ez dio beldurrik finalari: «Honara ailegatzeko hiru mendi zail igo behar izan ditut eta lortu dut. Finala une magikoa da eta bi bikoteak berdinduak gaude. Azpiroz ere debutaria da eta, alde horretatik, pareko gaude. Uterga saihestea da gure plana eta Endikak ere min egin dezake atzean».

Xanti Utergak, bere aldetik, «finalak irabazteko» daudela dio eta horretarako pilota idorragoak aukeratu zituen. Badaki zerbait, izan ere jokatu dituen binakako hiru finalak irabazi ditu eta bolada horrekin segitzea espero du, «laugarrena ere irabaziz».  Ion, Endika eta Etxeberria III.a gibelean lagun zituela irabazi ditu orain artekoak. Orain, konfiantza osoa dauka Azpirozekin: «Bigarren finalerdian erakutsi zuen barrenean daukan guztia. Ez dauka kolpe handirik, baina segurua da, ongi sakatzen du eta pilotari handia da. Irabzteko ongi egon beharko dugu, bere maila jausten duenak zail izanen baitu txapela janztea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun