Malerrekako jubiloteken lehen topaketa egin dute abenduaren 20an Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 21a, 12:10
Sunbillan bildu ziren abenduaren 20an Malerrekako jubiloteketako erabiltzaileak.

Gaur egun 34 erabiltzaile daude Donezteben, Ezkurra, Sunbillan eta Zubietan 

2017ko irailean hasi ziren martxan Doneztebe, Ezkurra, Sunbilla eta Zubietako jubilotekak. Malerrekako Mankomunitateak bultzatu, eta Nafarroako Gobernua eta La Caixaren laguntzari esker martxan dagoen proiektua da. Ongizate espazio bat eskaintzea, elkarren arteko erlazioak bultzatzea eta beste helburuen artean, sormena, memoria, arreta, orientazio,… gaitasunak lantzea ditu helburu Jubilotekak.

 

Gaur egun, 34 partehartzaile daude eta Doneztebe, Ezkurra eta Sunbillan; astean bi egunetan eta Zubietan berriz, astean behin elkartzen dira, Ramoni Ordoki teknikari-gidari dutela. Jarduera aunitzen artean, azkeneko hilabetean, partehartzaileak gogotsu prestatu eta entsaiatu dute eguberrietako abestiren bat eta hortik sortu zen Malerrekako jubiloteken topaketa hau antolatzeko ideia. 

Topaketa Sunbillan egin zuten abenduaren 20ean. Horrela,  Sunbillako Udaletxeko hirugarren solairuan, Malerrekako jubiloteketako 26 pertsona elkartu ziren, elkar ezagutu, esperientziak elkar-banatu eta urteari akabaila emateko. Goizeko 10etan zegoen finkatua topaketa, baina lehendik ere hasi zen jendea urduri baina irrifartsu hurbiltzen udaletxera. Aurkezpenak eginda, guztiak elkarrekin “Hator-Hator” abesteko momentua iritsi zen eta ondoren bi bingo partida ere jokatu zituzten, sari eta guzti. Hainbertze urduritasunen ondoren, otordu goxo batez disfrutatzeko aukera izan zuten. Giro ederrean akitu zen topaketa eguerdiko 12:30ean, baina aitzinetik hurrengo urterako hitzordurako, Ezkurrako partehartzaileek hartu zuen erreleboa. 

Malerrekako jubiloteken lehendabiziko topaketa hau guztiz aberasgarria eta arrakastatsua izan da bai partehartzaileentzat, eta baita proiektu hau aurrera atera dadin lan egin dugun guztiontzat. Baina bereziki, lerro hauek probextu nahi lituzkete, eskerrak emateko Nafarroako Gobernuari, La Caixari,  Sunbillako Udalari, Ezkurrako Jaione Zabalori  eta Ramoni Ordoki teknikariari, beraien borondate, inplikazio, eta lanarengatik.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun