Giro ederrean agurtu dute denboraldia Sunbillako kanpinean

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 08:37

Mus txapelketako sarituak.

Hamabi bikotek parte hartu zuten mus txapelketan eta 42 lagun elkartu ziren afarian

Joan den larunbatean egin zuten Sunbillako Ariztigain kanpineko denboraldi bukaerako besta eta urtero bezala, haur zein heldu, denentzako hitzorduak antolatu zituzten: haurrendako jokoak, mus txapelketa, txokolatada, bingoa eta afaria. Urtarrilaren 11n irekiko dute berriz kanpina.

Mus txapelketan 12 bikotek parte hartu zuten eta irabazleak Patxiku Apeztegia eta Jexux Mitxelena izan ziren eta urdaiazpiko bana eta bina botila ardo eraman zituzten. Bigarren Migel Anzizar eta Joxe Luis Bertiz gelditu ziren eta horiek bina txuleta eta bina botila ardo jaso zituzten sari gisa; hirugarren Jose Luis Agirre eta Jose Migel Galain sailkatu ziren eta gazta bana eta bina botila ardo hartu zituzten eta laugarren gelditu ziren Edurne eta Bea Goñik bina botila ardo.

Batzuk musean aritu ziren bitartean, neska-mutikoak jolasean aritu ziren eta gozatzeko aukera ederra izan zuten. Hortaz aparte, bingoan hiru txanda jokatu zituzten eta afarian, azkenik, 42 lagun bildu ziren. Mariatxien doinuekin agurtu dute aurtengo denboraldia kanpinean. Urtarrilaren 11n zabaldu ditu berriz ateak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun