Mendi Abesbatzak kontzertua eskainiko du ortziralean Doneztebeko elizan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 12a, 14:48
Mendi abesbatzak, Donostiako txistulariekin eta Mendi Ttiki eta Agorreta Musika Eskolako ikasleekin eskainiko du kontzertua.

Donostiako Txistulariak, Mendi Ttiki Abesbatza eta Agorreta Musika Eskolako ikasleak ere izanen dira

Mendi Abesbatzako kideak, Eguberrietako kontzertua eskaintzeko, buru-belarri ibili dira lanean. Abenduaren 14an, ortziralean, zehaztu dute hitzordua, 20:00etan, elizan. Aurten Donostiako Txistulari Taldea etorri zenetik hamar urte bete direnez, haien bisita izanen dute. Baina Mendi Abesbatza eta Donostiako Txistulariak ez ezik, Mendi Ttiki Abesbatzako eta Agorreta Musika Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute. Batzuek zein bertzeek, Eguberri giroko kantak eta bertzelako melodiak «tentuz» aukeratu dituzte.

 

Donostiako Udaleko txistulariek, Jose Ignazio Ansorena Minerren zuzendaritzapean, ‘Symphonie de Nöels’ (Michel-Richard Dekande) eta ‘Eguberriko zazpi kanta’ joko dituzte. Mendi Ttiki eta Agorreta Musika Eskolako ikasleek, Ruth Etxebeste eta Itziar Irigoien eta Marta Uruñuelaren gidaritzapean, hurrenez hurren, ‘Ilargia’ (Juantxo Zeberio) eta Mi burrito sabanero (Hugo Blanco); eta txistulariek eta Jon Irazokik zuzendutako Mendi Abesbatzak, elkarrekin, ‘Tres motetes para o tempo de nadal’ (Julio Dominguez), ‘Pater Noster’ (Xabier Sarasola), Axuri Beltza (Javier Busto), 'Lurra' (Xabier Amuriza, Mixel Ducau eta Caroline Philips), Gabon Zaharrak (Jose Ignazio Ansorena), ‘Ya se van los pastores (herri doinua), 'Belengo portalian' (Balbino de Garitonandi, Bartolome de Ercilla) eta 'Olentzero' (Javier Busto) abestuko dituzte. Alicia Telletxea, Mañoli Apeztegia eta Xalba Arriola ariko dira bakarlari moduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun