Errekaren eskutik Mendiaren Eguna abenduaren 15ean ospatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 11a, 06:52
Joan den urtean elurretan igo ziren Bonozorrotzera Errekako mendizaleak.

Alberto Urtasun eta Julen Errandonea mendizaleek 'Manaslu: o elegir entre valores’ proiekzioa eskainiko dute

Bertze urte batez, Mendiaren Eguna antolatu du Erreka Kirol Elkarteak, eskualdeko hainbat merkatari eta zerbitzuren laguntzari esker. Aurten Alberto Urtasun eta Julen Errandonea mendizaleak izanen dira herrian eta mendizaleen gozamenerako egun osoko egitaraua antolatu dute. 

 

Larunbatean 07:30ean autobus geltokitik abiatuta, Bonozorrotzera joanen dira. Mendi-itzulia egin ondotik, 13:00etan poteoan ibiliko dira eta 14:00etan mahaiaren bueltan bilduko dira. Eguna Iruñeko Alberto Urtasun  eta Julen Errandonea beratar mendizaleek eginiko Manaslu: o elegir entre valores bideo-proiekzioarekin akituko dute. 19:00etan dute hitzordua, zineman eta sarrera dohainik izanen da. Proiekzioak beratar gaztearen Himalaiako lehenbiziko espedizioa eta iruñearraren 17. itzulia ardatz,  himalaismoa, etika, baloreak... jorratuko ditu.

 

Bazkari-txartelak

Dagoeneko salgai daude Titi ostatuan. Abenduaren 12a, asteazkena, arte erosi ahal izanen dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun