Koteto Ezkurra saritu du Gobernuak Nafarroako kirol-arloko «erreferente eztabaidaezin» bezala

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 4a, 06:37
Ezkerretik eskuinera, Rubén Goñi, Ainhoa Aznárez, Ezkurraren alaba Maialen, Barkos Lehendakaria, Javier Eseverri, Herrera kontseilaria eta Primitivo Sánchez.

Horrela adierazi zuen Uxue Barkos lehendakariak Nafarroako Gobernuaren Kirol Merezimenduaren 18 sari banatzeko egindako ekitaldian eta Javier Eseverrik ere urrezko domina jaso zuen

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek zuzendu du Foru Gobernuak aurten Kirol Merezimendurako 18 sari emateko ekitaldia. Javier Eseverri areto-futboleko jokalaria eta Koteto Ezkurra erremontista «erreferente eztabaidaezinak» direla adierazi du, haien bi hamarkadako ibilbide profesionalean jasotako palmaresetik haratago, «eredugarritasun inbidiagarria erakutsi baitute kirolarekin loturiko balioen transmisioan». 

 

Bi kirolarik jaso dute aurten Nafarroako Gobernuak Kirol Merituarentzat ematen duen Urrezko domina, elite profesionala uztearekin bat eginez. Horrez gain, Barkos Lehendakariak zilarrezko 13 domina banatu dizkie bertze hainbat pertsonari, zuzendaritza-lanetan edo lan teknikoetan egin duten guztiarengatik, eta bertze ohorezko hiru aipamen ere banatu ditu.

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin zuten, Nafarroako Egunaren ekitaldien programaren esparruan. Bertan, parte hartu dute, baita ere, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarezek; Kultura, Kirola eta Gazteriako kontseilariak, Ana Herrerak; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Ruben Goñik; eta Kiroleko zuzendariordeak, Primitivo Sanchezek.

 

Nafarroako kirolari egindako ekarpena

Hitzaldian, Barkos Lehendakariak omendutako pertsonen inguruan nabarmendu nahi izan zuen «Nafarroako kirola aberasteko» egin duten ekarpena, bai lehiaketa-arloan zein sustapenean, nahiz zuzendaritza-lanak edo lan teknikoak eginaz.

Koteto Ezkurrari dagokionez, domina Maialen Ezkurra alabak jaso zuen, Koteto bidaian izateagatik, eta Barkos Lehendakariak adierazi zuen erremontearekin konpromiso pertsonal eta kirol konpromiso «apurtezina» izan duela, bizitzako ibilbideaz gain, «guztiontzat eredua baita, egoera konplexuak gainditu eta etorkizunera begira jarraitu duelako». Ezkurrak, 28 urteko ibilbidean, banako 11 titulu eta bikotekako hiru eskuratu ditu.

Bertzalde, Javier Eseverriri dagokionean, Uxue Barkosek haren karisma, lidergoa eta pistaren barruan nahiz kanpoan duen «portaera eredugarria» edota klubarekiko, Irurtzungo Xota, duen leialtasuna goraipatu zituen. Gogoratu behar da Eseverri, kategoria gorenean igaro dituen 20 urtetan, 56 aldiz nazioartekoa izan dela Espainiako Selekzioarekin, Munduko txapeldunordea 2008an, Europako txapelduna bi aldiz (2007 eta 2010) eta 2006an Ligako itxiera-aurrelari onena dela erran izan da.

 

Gure gizartearen balio «egituratzailea»

Barkos Lehendakariak, zilarrezko 13 domina jaso dituzten pertsonak eta ohorezko aipamena jaso duteb hiru pertsona eta erakunde ere aipatu zituen. Guztien inguruan erran zuen haien papera "benetan garrantzitsua" dela gure gizartearen balio «egituratzailearengatik». Era berean, Nafarroako kirola sustatzeko inplikazioa nabarmendu nahi izan zuen.

Azkenik, Uxue Barkosek adierazi zuen Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela kirolaren alde lan egiten jarraitzeko, eta, eremu horretan, bertze jarduera-ildo batzuen artean, Kirolaren Balioen Plana eta Kirolaren eta Emakumearen Plana nabarmendu zituen, «gure kirola, afizionatua zein profesionala kalitate-maila gero eta altuagoetara» eramatearren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun