«Partiden erritmoa bizitzen dut baina beti ez da onerako»

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 1a, 10:00
Ugaitz Elizalde, pilota astintzen.

Ugaitz Elizalde, Iturengo pilotaria

Txaruta, Erreka eta Zugarralden aritu ondotik, azaroaren 3an Garferekin debutatu zuen Ugaitz Eizaldek. «Ilusioz» hartu du deia eta patidetan «onena» ematen ahaleginduko da iturendar gaztea. 

 

Noiz hasi zinen pilotan?

Etxekoei aunitz gustatzen zaien kirola da eta familian afizio haundia dago. Entrenamenduetan sei urte inguru nituela hasi nintzen, Donezteben; baina lehendik herriko plazan eta Aurtizko frontoian ere aritzen nintzen.

Erreka elkartean eman zenituen lehenbiziko urratsak...

Lehenbizi Txarutan jokatu nuen. Orduan Erreka eta Txaruta bat ziren. Banandu eta denboraren buruan Errekara joan nintzen. Joan den urtean Zugarraldetik estatuko txapelketa jokatzeko abisatu zidatenean beraiekin hasi nintzen; hor nabil. Orain entrenamenduak serioagoak direla erranen nuke.

Lehenbiziko txapela noiz jantzi zenuen?

Ez naiz oroitzen noiz izan zen. Guztira 27 inguru lortu ditut.  Horien artean bereziena Zumarragako lau eta erdiko Goñi Memoriala txapelketakoa izan zen. Ordezko sartu nintzen eta inork ez zuen espero nik irabaztea.

Beti oroituko duzun partida bat?

Mikel Goñiren aurka jokatu nuen lehenbiziko hura erranen nuke, Irujorekin batera nire idoloa da.

Garferekin debutatu berri duzu...

Ez nuen firmatzeko erranen zidatenik espero, poz haundia hartu nuen. Debuta Arnedon jokatu nuen, Urmeneta Sainzen aurka. 22-19 galdu arren, egin nuen partidarekin kontent gelditu nintzen.

Xala, Titin III.a, Merino... izen eta izan handia duten pilotariekin...

Hasieran errespetua ematen badute ere, arront atseginak dira eta bertze edozein bezain arruntak.

Zenbatetan entrenatzen duzu?

Frontoian egun bat edo bi egiten ditut astero; eta bertze bi egunez fisikoa egiten dut, baina guztia asteburuan ditudan partiden arabera antolatzen dut.

Lana eta entrenamenduak... nola uztartzen dituzu?

Egia erran suerte haundia dut. Beti goizez aritzen naizenez, arratsaldetan entrenatzeko nahikoa denbora izaten dut.

Abenduan Merinorekin jokatuko duzu...

Bai, Prado eta Zabalaren aurka. Arront partida gogorra izanen da, eta irabazteko lan handia egin beharko dugu. Baina egia erran ilusio handia dut, eta ea partida guztietan edo gehienetan nire onena emateko gai naizen.

Baduzu zehaztutako bertze partidarik?

Bai abenduaren 3an Lerinen Titin eta Merino II.aren aurka ariko naiz, Beroizekin bikote eginda eta hilaren 6an Brionesesen jokatuko dut.

Zein da zure indargunea?

Nire ustez bolearekin egiten dut min handiena eta partiden erritmoa bizitzen saiatzen naiz. Halere, badut zertan hobetu. Batzuetan gehiegi berotzen naiz eta horregatik aunitzetan partidak eskuetatik joaten zaizkit.

Zein dira denboraldi honetarako erronkak?

Izen handia duten pilotariekin ahalik eta partida gehien jokatzea eta bertako herritarrei ahalik eta gehien gustatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun