Naroa Elizalde zubietarrak Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko ditu

Ttipi-Ttapa 2018ko azaroaren 30a

Naroa Elizalde, argazkiaren eskuinean, finalaurrekoetan ariko da.

Amezketan abenduaren 2an izanen du hitzordua

Promozio mailako Master Cup txapelketaren azken txanpan sartuak dira. Finalerdiak erabakita daude. 80 lagunek hasi zuten ibilbidean lauk lortu dute txartela. Naroa Elizalde zubietarrarekin batera, Amaia Aldaik, Araitz Eizagirrek eta Oihana Orbegozok lortu dute finalaurrekoetan sartzea. Abenduaren 2an, igandean, aurrez aurre ariko dira, Amezketako pilotalekuan, lau eta erdiko finalerako sailkatzea lortzeko norgehiagokan. Egun horretan erabakiko da nork jokatuko duen finala Azkoitian.

 

Ibilbide ikusgarria

Ibilbide polita egin dute. Partida ikusgarriak eskaini dituzte. Bereziki azaroaren 17an, Lemoako pilotalekuan ikusmira handia eragin zuten Agirreren, Eizagirreren eta Elizalderen arteko partidek. Ikusleek emozioz bizi zituzten. Zubietarrak bat irabazi eta bertzea galdu zuen: 18-17 larri-larri gailendu zitzaion Naroa Agirre eta ondotik 14-18 irabazi zion Araitz Eizagirreri. Finalerdietarako txartelak tanto aldeari begira erabaki behar izan zituzten, eta horri esker sailkatzea lortu zuen zubietarrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun