Babes Zibileko Batzordeak uholdeei aurre egiteko Sunbillako udal jarduketa planaren homologazioa onartu du

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 28a, 08:42
Babes Zibileko Batzordeko kideak eta Amets Inda, Sunbillako alkatea.

Aldeko irizpena eman du 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautuko duen Foru Dekretuaren zirriborroari buruz

Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumont buru zuela, Sunbilla eta San Adriango udalek uholde-arriskuari aurre egiteko abian dituzten jarduketa-planen homologazioa onartu zuen azaroaren 27an egindako bileran. Modu berean, Batzordeak aldeko irizpena eman du 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautuko duen Foru Dekretuaren zirriborroari buruz.

 

Informazioa, alerta eta esku hartzea       

Uholde-arriskuari aurre egiteko udal jarduketa-planak era horretako larrialdien aurrean jokatzeko informazio, alerta eta esku-hartze dispositibo iraunkor eta eguneratua ezartzen duten toki mailako tresnak dira. Herritarrak babestu eta, ahal den neurrian, kalteak saihetsi edo mugatzea dute helburu.

Bertzeak bertze, planek uholdeetan jarraitu beharreko esku-hartze prozedurak zehazten dituzte, baita toki erakundearen eta SOS Nafarroaren artean finkatu beharreko alerta eta komunikazio prozedurak ere. Plan hauek udalbatzarretan onartu eta Babes Zibileko Batzordeak homologatzen ditu, Nafarroako Gobernuaren Uholdeei buruzko Plan Bereziarekin bat datozela egiaztatu ondoren.

Batzordeak, San Adrian eta Sunbillako udalek uholde-arriskuari aurre egiteko abian dituzten udal jarduketa-planak homologatzeari ekin dio, San Adriango Udaltzaingoko buru José Benito López eta Sunbillako alkate Amets Inda tarteko zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun