Otsagiko Iker Vicente jaun eta jabe izan zen. Hasieratik aldea egin zuen, eta alde horri arazorik gabe eutsi zion, eroso. Azkenean 32 minutu eta 35 segundo behar izan zituen, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbikoak mozteko eta Nafarroako bere laugarren txapela segidan janzteko. Jon Rekondo leitzarra bigarren izan zen, ia 3 minutu eta erdira (35:58) eta Zigako Joxean Etxeberriak osatu zuen podiuma (38:18). Azken postua saihesteko borroka izan zen lehiatuena, hamar segundoko aldea bertzerik ez baitzen izan laugarren gelditu zen Oier Kañamares (39:43) eta bosgarren izan zen Ruben Saralegi leitzarraren artean (39:53)
Arpana txapelketa mistoan, berriz ere bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten Aresoko Itxaso Onsalok eta Beuntzako Mikel Eugik. 45 ontzako enborrari hamar epai emateko eta txapela janzteko 5 minutu baino guttiago behar izan zuten (4:58). Bigarren izan ziren Iraizotzeko Josetxo Barberena eta Eltsoko Ainhoa Iraizoz (5:29), hirugarren Sunbillako Unai Bertiz eta Iruñeko Esti Gastearena (6:44), laugarren Antsoaingo Endika Garai eta Irune Biurrun (7:04) eta Antsoaingo bosgarren Tasio Ugarte eta Alba Cobo (11:11).