Koteto Ezkurra 2018 Kirol Merituari Urrezko Dominarekin saritu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 14a, 15:07
Koteto Ezkurra, bere agurraren egunean. Gobernuak Kirol Merituari Urrezko Dominarekin saritu du.

Areto-futboleko Javier Eseverri jokalariak ere jasoko du saria eta, horrez gain, zuzendari- edo teknikari-lanetan ibilitako hamahiru pertsona zilarrezko dominarekin saritu dituzte

Nafarroako Gobernuak azaroaren 124an egindako bileran foru-dekretu bat onartu du, Koteto Ezkurra Zunzarren erremontistari eta areto-futboleko Javier Eseverri Barace jokalariari Nafarroako Foru Erkidegoaren 2018 Kirol Merituari Urrezko domina emateko.

 

Eta, horrez gain, bertze foru-dekretu bat onartu du «foru-erkidegoan Nafarroako kirolaren alde buru-belarri eta apaltasunez zuzendari- edo teknikari-lanetan ibilitako hamahiru pertsona zilarrezko dominarekin saritzeko». Sari horiek azaroaren 26an banatuko dira, 2018 Nafarroako Egunaren oroitzapenezko jardueren barruan.

 

Urrezko Domina Kirol Merituari, eremu horretako Nafarroako saririk garrantzitsuen

Gobernuak Koteto Ezkurraren (Doneztebe 1973) «lanbide-ibilbidea azpimarratu du. Erremontista profesionala izan da 28 urtez, eta modalitate horretan kirolari onena hainbat urtez eta historiako erremontista garrantzitsuenetako bat». Banakako 11 titulu eta bikotekako 3 titulu lortu ditu.

Gobernuak Javier Eseverri saritu du (Iruña, 1977), «23 urtez areto-futbolean jokatzeagatik, horietatik 20 goi-mailako kategorian, betiere Irurtzungo Xota kirol-taldearekin». Nazioarteko jokalaria izan da hainbatetan, eta ligako jokalari onena izendatua, bere postuan, 2006an.

Gainera, Gobernuak «foru-erkidegoan Nafarroako kirolaren alde buru-belarri eta apaltasunez zuzendari- edo teknikari-lanetan ibilitako hamahiru pertsona» zilarrezko dominarekin saritu ditu. Hauen artean ez dago eskualdeko bertze ordezkaririk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun