Alemaniako I Vocalisti abesbatza azaroaren 3an izanen da Donezteben

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 31a, 12:14
Alemaniako Lübeck hiritik dator I Vocalisti abesbatza Doneztebera.

Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloaren barnean kokatu behar da emanaldia eta larunbatean 19:00etan dute hitzordua elizan 

Alemaniako Lübeck hiritik Doneztebeko elizara etorriko dira azaroaren 3an I Vocalisti abesbatza osatzen duten 30 bat kideak. Nafarroako Nazioarteko Abesbatza Zikloaren barneko emanaldia izanen da eta larunbatean 19:00etan dute hitzordua.

 

Prestakuntza musikala duten eta ahots-teknikaren alorrean trebatuak dira eta abesbatzarako eliza musika nahiz musika sekularra profesionalki abesten dute. Antzinako maisuen (Gack, Brahms eta Mendelssolhn) lanak abestuagatik, errepertorio garaikidea du ardatz. Taldea bertze konpositore eta zuzendari batzuekin egindako lanagatik ere nabarmendu ohi da. Bertzeak bertze, Klazz anaiekin eta Afenginn daniar taldearekin egin ditu proiektuak. Hans-Joachim Lustig da  taldeko zuzendaria. Aipatu behar da, 1991tik, taldea sortu zenetik, hainbat sari irabazi dituela. 2004an, erraterako, Tolosako lehen saria eskuratu zuen. Telebistan eta irratian ere emanaldiak eskaini ditu baita hainbat disko grabatu ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun