Gobernuak eta Sunbillako Udalak uholde arriskuen aitzinean larrialdi plana prest dute

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 25a, 09:42
Isabel Elizalde eta Amets Inda, planaren aurkezpenean.

H2OGurea proiektuaren baitan, Baztan eta Doneztebekoaren ondotik, Sunbillakoa aurkeztu dute urriaren 24an

Nafarroako Gobernuak eta Sunbillako Udalak uholde arriskuaren aurkako udal larrialdi plana aurkeztu dute Sunbillan urriaren 24an. Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako kontseilaria; Isabel Anaut, Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria eta Amets Inda, Sunbillako alkatea izan ziren, Europako H2Ogurea proiektuaren baitan egindako planaren aurkezpen ekitaldian. Proiektu honen barrenean, Sunbillakoaren aitzinetik, Baztan eta Doneztebeko planak ere eguneratu dituzte dagoeneko.

 

Isabel Elizalde kontseilariak aipatu zuenez, herritarrak eta azpiegiturak babesteko tresnak edukitzea garrantzitsua da, «batez ere aldaketa klimatikoaren garai honetan, uholdeak eta lehorteak gogorragoak direnean». Uholdeen Zuzentaraua egiterakoan zehaztutakoaren arabera, uholde arrisku potentzial handiko eremuan kokatua dago Sunbilla eta horren eraginez, plan hau idatzi behar izan du Udalak. 

Udal eskumeneko plan hori ibaiaren mailaren eta plubiometriaren araberako abisuetan egituratzen da, eta larrialdi-fase bakoitza sekuentzialki aktibatzea proposatzen du: 0. egoera (aurrelarrialdia), 1. egoera (1. mailako larrialdia), 2. egoera (2. mailako larrialdia) eta 3. egoera (3. mailako larrialdia). Larrialdi-fase bakoitzerako, Udalak zer neurri hartu behar dituen ezartzen du Planak, eta aholkuak ematen dizkie herritarrei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun