Baztan-Bidasoko Pentsionistak Martxan elkarteko kideek urriaren 18an egin dute kontzentraziorako deia leku berean, Gizarte Segurantzaren bulegoen arkupetan. Julen Mitxeltorena, elkarteko kideak aipatu duenez, «bizitza duina, pentsio duinak. Gaur egun adineko pertsona guztiak ez dute bizi duin bat edukitzeko aukera, zenbaitek, bizitzaren oinarrizko beharrei aitzin egiteko, zahar parte exkaxa dutelako. Gaur egun arazo sozial bat ikusten da zahar parte edo pentsioen banaketan, eta bertzetik, neurririk hartu ezean, arazoa areagotuko da».
Aldi berean, Baztan-Bidasoaldean ez gaudela arazo honetatik libre ere azpimarratu du: «Hemen ere badira, hilabete hondarrera ailegatzeko, nahiko larri ibiltzen diren pertsona anitz, batez ere emakumeak edota baserriarekin eta alarguntzearekin zer ikusi dutenak. Hala ere, Pentsionistak Martxan plataformatik, afera honek konponbidea baduelakoan gaude. Nafarroan aukerak badirelako, diru funtsa badelako, bizi duintasunaren ikuspegitik pentsio politikak aldatu behar direla deritzogu. Baina politika hauek aldatzeko pentsionistak, langile aktiboak, gazteak… Euskal Herritar guztiak mobilizatzea ezinbertzekoa da, eta hau da hain zuzen deialdi honekin aldarrikatu nahi duguna».
Mertxe de Benitok aipatu duenez, «pentsio sistema propioa, publikoa, pertsona guztiendako, gutxienez, 1080 eurokoa izanen dena, lortzeko mobilizazioak egiteko erabakia hartu dugu».