Giro ederrean joan da Euskararen Eguna Zubietan

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 15a, 09:00

Egun handia larunbata izan bazen ere, ostiralean ere bigarren eskuko azoka solidarioa eta beste zenbait ekitaldi izan zituzten

Ostiraleko bigarren eskuko azoka solidarioarekin hasi zen, herriko trikiti eta pandero joleek musikaren giroz herriko bazterrak. Guztiok elkartearentzat 240 euro lortu zituzten, eta soberan gelditu ziren arropa eta jolasak Paris 365 elkartera eramanen dituzte. Bazkari autogestionatuaren ondoren, pintxo lehiaketaren tartea izan zen. Bederatzi pintxo aurkeztu ziren eta denak oso goxoak bazeuden ere, Lourdes Elizaldek eraman zuen lehenengo saria. Argazkiak: Izaskun Zubialde

Pintxo lehiaketako epaimahaia ­–Eva Elizalde, Arantxi Diez eta Ines Gereka– dastaketa lanetan ari zen bitartean, estalpean, Euskaraldiaren aurkezpena egin zen, Iker Gorosterrazu eta Alix Gerekaren eskutik. Jende dezente hurbildu zen aurkezpenera eta bertaratu zen jendeak izena emateko aukera izan zuen, bertan emandako orrietan eta web orria erabiliz. Ondoren, pintxo poteoa egin zen eta 20:00 aldera, estalpean berriz, mikro ipuinen irakurketa eta sari banaketa egin ziren. Estalpea jendez bete zen. Lehenengo urtea izan da lehiaketa hau antolatu dena eta guztira zortzi lan aurkeztu zituzten.

  • 9 urte bitarteko bi: Eñaut Babaze eta Oskia Elizalde
  • 10-12 urtekoak hiru: Uxue Santesteban, Aratz Elizalde eta Maialen Mendiburu
  • 13-16 urteko bakarra: Jone Indakotxea
  • 16 urtetik gorakoak bi: Arantxa Díez eta Txas Esparza.

Oso lan politak aurkeztu ziren eta maila altua erakutsi zuten beraien lanetan. Gainera, ozen irakurri ondoren, estalpeko paretan, lanak irakurtzeko aukera ere izan zen, bertan zintzilikatu baitziren. Epaimahaiak denak irabazle izendatzea erabaki zuen, horregatik, denentzako sariak izan ziren. Honen ondoren, Txiki barrez blai umorezko bakarrizketaren txanda izan zen, eta barre algara artean, ederki pasatzeko aukera izan zen. Jendetza bildu zuen ere ekintza honek. Gauean berriz, musaren txanda izan zen Errandonea ostatuan. Muslari trebeenak Iker Gorosterrazu eta Beñat Etxekolonea izan ziren.

Larunbata egun handia

Larunbat goizean herriko artisauek beraien postuak jarri zituzten plazan, eta aurten ere, guraso elkarteko postre eta egutegi postua, eta gazteek jartzen duten urdaiazpiko, tomate eta gaztaren pisuaren asmatze postua ere bertan izan ziren. Eguerdi aldera, joaldunek hartu zuten plaza eta joare soinuz bete zuten herria. Jende asko bildu zela esan beharra dago, izan ere, Zubietak bota zuen erronkaren harira, Basaburuak bere burua aurkeztu, ikusmira handia sortu zuen. Erronkan, bi taldeak berdin bukatu zuten, pareko ibili zirelako froga guztian zehar. Ondoren, sokatira saioa egin zuten eta honetan herriko gazteak suertatu ziren garaile, bi tiraldiak irabaziz. Giro ederra jarri zuten.

Plaza bildu ondoren, muxikoak dantzatu ahal izan ziren, bazkaltzeko ordua iritsi arte. Bazkaria estalpean izan zen, eta 115 lagun hurbildu ziren bazkaltzera. Azpeitiko trikitilari joleek girotu zuten bazkaria. Arratsaldeko 18:30ean herriko artista txikien txanda izan zen eta bi abesti abestu eta dantzatu zituzten lehenik txikienak. Ondoren, koxkorrek 2 bertso ipuin antzeztu eta kantatu zituzten. Oso polita izan zen eta ekintza honetan ere, jendea ikuskizuna ikustera animatu zen. Herriari trikiti soinuarekin buelta eman ondoren, gazteek jarritako pisuen sarituak zein ziren esan zen. Urdaiazpikoaren irabazlea Kattalin Paul izan zen eta gaztarena Karmele Santesteban. Arratsalde eta gauez Oharkabe taldeak jarri zuen musika, eta gaueko ordu txikiak arte festa giroa izan zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun