Euskararen Eguna izanen dute larunbatean Zubietan

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 9a, 13:51
Larunbat goizeko herri-kirol saioan Basaburua taldea eta Zubietako gazteak ariko dira aurrez aurre

Bezperan Bortzirietako Guztiok taldea laguntzeko azoka solidarioa, Euskaraldiaren aurkezpena, bakarrizketa eta pintxo lehiaketa izanen dituzte

Euskararen Eguna berrikuntzekin dator: merkatu solidarioa, herri-kirol erronka, mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketa... Egun handia hilaren 13an, larunbatean, badute ere, bezperatik mugimendua sumatuko da herrian. Bi egunez, giro ederra izanen dute.

 

Urriaren 13a, larunbata
10:00etan, herriko trikitilari eta pandero-joleen itzuliarekin hasiko dute eguna. Urtero bezala, artisauek beraien lanak plazaratuko dituzte. 12:00etan herri-kirol erronka izanen dute. Orain artean ez bezala, eskualdeko herritarrei desafioa bota zieten herritarrek eta Basaburua herri-kirol taldeak hartu zuen. Goiz osoan magra eta gaztaren pisua asmatzeko apustua izanen da, plazan eta joaldunek girotuko dute herria. 13:30ean muxikoak dantzatuta, 14:30ean bazkarian bilduko dira. Mahai-inguruan Azpeitiako trikitilarien doinuak izanen dira entzungai.  18:00etan herriko gaztetxoek erakusketa eginen dute. Arratsaldez eta gauez, Oharkabe taldearen eskutik, dantzaldirako tartea izanen dute. Bien bitartean, urdaiazpiko eta gazta apustuetako sariak banatuko dituzte.

Bezperan ere mugimendua
10:00etan liburu,  jostailu eta arropen merkatu solidarioa jarriko da. Gazteek herritarrei eta ingurukoei erabiltzen ez dituzten liburu, jostailu eta arropak bota beharrean azoka solidariorako emateko deia egin diete (herriko gazteren batekin harremanetan jarri). Merkatuan bildutako dirua Bortzirietako Guztiok taldea laguntzeko izanen da. 12:00etan herriko trikitilari eta panderojoleek karrikak girotuko dituzte eta 13:30ean bazkari herrikoia eginen dute. 17:00etan ipuin kontaketa eta lehiaketako sari banaketa eginen dute. 18:00etako pintxo lehiaketa izanen dute, eta ondotik, lehiaketara aurkeztutako mokadutxoak dastatzeko pintxo-potea eginen dute. 18:30ean Euskaraldiaren aurkezpena eginen dute eta 20:00etan, Kultur Ibilbidearen harira, Ion Martinezen 'Barrez blai' bakarrizketaz gozatzeko aukera izanen dute. Mus txapelketak ez du hutsik eginen, 22:00etan Errandonea ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun