Koteto Ezkurrak kantari erran zion adio kantxei: Jose Fernando Jimenezen ‘Sigo siendo el rey’ abestu zuen hunkiturik eta egia errateko, errege aunitzek amestuko luketeen agurra izan zuen. Patxi Zeberiok, belaunka jarri eta besarkada bat emanez agurtu zuen. Partidaren aitzinetik, erremonte arku luze baten azpitik pasatu zen Koteto Ezkurra, berekin aritutako lehengo eta oraingo erremontelariek egindakoa. Zubietako joaldunen joare soinuak ere aditu ziren Galarretan eta beraiek eman zioten azken partida jokatzeko erremontea ere; Oinkari dantza taldeak dantza ikusgarria eskaini zion; Tomas Rekondo, Lesakako lagun handiak bota zuen sakea erabakitzeko txapa… Azken partidaren aitzineko ere hunkigarria izan zen.
Partida, berez, azkar joan zen eta, debutean bezala, galdu egin zuen Kotetok. Baina gero etorri zen omenaldiaren bigarren zatia, hunkigarriena. Hainbat opari, oroigarri eta esker oneko solas izan ziren. Bereziena, behar bada, Maialen Ezkurra alabak eta Elena Zabala ilobak dantzatutako Aurreskua.
Arratsean, Hernanitik Doneztebera joan zen ospakizuna eta omenaldia. Ia 500 lagun bildu ziren herri-afarian eta han ere su-artifizialak eta bertze hainbat une berezi eta polit bizi izan zituen Koteto Ezkurrak, erremontea, 16 urterekin debuta egin zuenetik bere karreran lortu dituen buruz buruko 11 txapela, binakako bertze hiru eta jokatutako milaka partiden oroitzapenen ondoan gorde aitzinetik.