«Garai batean ez zen egunero ordaintzen gaur egun bezala»

Pello Telletxea 2018ko urr. 7a, 09:45
Xabina Baleztena, Atsontseneko dendaria. Laister itxi eginen dute Beintzan gelditzen den denda bakarra.

XABINA BALEZTENA Beintzako Atsontseneko dendaria

Etxearen izena, Antsolantzenea, garai batean, Atsontsenea, orain. Gaur egun, berriz, Xabinan tienda bezala ezagutzen dugu. Mende erdia irekita egon ondoren, denbora gutxian itxiko dute. Xabina Baleztena berez, Garaxenean jaiotakoa da. Etxearen izenak aldatzen joan dira denbora zehar: garai batean Grajirena-enea, Graxinenea eta gaur egun Garaxenea. Esan beharra dago Garaxenekoak zazpi senide zirela: Joxe, Pedro, Frantxiska, Antonio, Xabina, AgustÌn eta Pedro Miguel.

 

Xabina, garai hartan aldaketa asko gertatu ziren, ezta?

Bai, alde guzietako aldaketak ezagutu ditut.

Noiz ireki zenuen denda?

Nik 1968an hartu nuen. Garai hartan gure anaia, Antonio, Ameriketatik etorri zen.

Aizkolari handia omen zen Antonio Baleztena…

Hala zen bai, apustu handia jokatu ondoren, Zubietako Juan Baleztenaren aurka Lekunberrin, gure anaia Ameriketara joan zen 1948an.

Zuen oinarria lana izan da beti Xabina?

Guk lanari ez genion beldurrik izan, hala erakutsi ziguten.

Garai gogor haietan Joxek, anai zaharrenak, Atsontsenea erosi zuen?

Bai, eta Inozenziari eman zion errentan. Inozentziak Plazenean zeukan denda eta Atsontsenera etorri zen.  Gero, Labaindik joan zelarik, nik hartu nuen denda.

Hainbat gertaera ere izan dituzu hainbeste urteetan, Emilio ijitoa dendan sartu zenean bezala, zu zinen orduan edo bera?

(Irriz) Bera zegoen orduan.

Nola izan zen?

Emilio ijitoa, gauez, zerrote bat hartuta, zuloa egin ondoren, sartu eta beheititik goitira igo zen, baina auzotarrak sumatu zuten eta han akitu zen dena.

Garai hartan ez zen egunero ordaintzen, gaur egun bezala, ordainak apuntatzeko libreta bat izaten zenuen.

Bai, hala ziren garaiak. Aretzeak, zerrikumeak, bildotsak eta abar saltzearekin izaten ziren diru-sarrerak. Gero, esnea saltzen, jendea fabrikan lanean… maizago kobratzen zen eta ordaindu ere bai.  Eta atzerarago joanda, trukeak izaten ziren: eltzariak, gazta, artoa, etxeko laborea ekarri eta etxeetan behar zena eraman: olioa, gatza, azukrea, eta abar…

Gerra ondoren gauza gutxi izaten zen, gosea ere bai, baina zure anaia Pedro gogotik luzatu zen. Herrian ezagutu den gizonik handiena izanen zen, ezta?

Halaxe zen bai, 1,97 metro neurtzen zuen, hortxe ibiliko zen. Antonio bezala, Pedro ere, Ameriketara joan zen, baina ez dirua irabaztera, “ogia nahikoa jatera” baizik, berak erraten zuen bezala.

Garai haietan ba al ziren denda gehiago?

Baziren aunitz: Domingon tienda, Armasa, eta Beintzako auzoan, Marittonea eta Etxekolanian. Geroxeago Etxeberria eta Galbarrenea ere bai.

Horiek denak itxi ziren, baina zuk beti aurrera…

Bai,  herria hustu egin da, jende asko kanpora joan da bizitzera. Hortik etorri da hau. Herri honetan gauza asko ezagutu ditugu: dendak, tabernak, ostatuak, autobus-zerbitzua, farmazia, medikua bertan, maisua ere bai.

Joxe, zure anaiak zerrategia  jarri zuen, ezta?

Hasieran Errandoneko Tomas eta biok jarri zutela uste dut Goikoetxeko Ameztiko soroan. Gero Tomas zurgina izan zen eta Joxek  hemen Atxontsene ondoan zerrategia jarri zuen, berak erosia izaten zen etxean.

Mendira joan aurretik, herriko gazteek zerrategian irabazten zuten lehendabiziko soldata…

Oroitzen naiz bai,  gazte asko aritu ziren berarekin lanean. Joxe zerrategitik kanpora, etxeko lanetan aritzen zen. Agustin ere bai, menditik gelditu zenean kamioiarekin porteak egiten hasi zen. Belar, iratze, landeko lanak, nahiz eta Pedro Miguel bera egon Garaxeneko buru, denok laguntzen genion berari.

Azkeneko urtetan Juanitaren laguntza ere izan duzu dendan…

Bai, nire lehengusina, biek mano a mano erraten den bezala hementxe aritzen ginen.

Huts handia izanen da Beintza Labaienen, Xabinak bere tienda ixten duenean, herriaren historiaren zati inportante bat ere itxiko delako…

Bueno, esaten den bezala, «gero ere zerbait izango da». Ez da inoiz itxaropenik galdu behar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun