Nor dira Aratz eta Eva?
Zubietako ama-alaba saltserak. Etxean sukaldatzea, filmak ikustea, jatetxeetan bazkaltzea eta mendira joatea dugu zaletasun.
Herrian zerbait antolatuz gero, ez duzue hutsik egiten...
Beti egoten da ongi pasatzeko tarteren bat! Batzuri gehiago kostatzen bazaie ere, herri honetan nahiko parte hartzaileak garela uste dugu.
Laster Euskararen Eguna izanen da...
Herriko egun berezienetako bat da. Jende asko plazaratzen da. Goizean artisau, gazteek antolatutako pisu asmatze eta gurasoen postre eta egutegi postuen bueltan, giro ederra izaten da.
Joan den urtean pintxo lehiaketa irabazi zenuten...
Bai eta aurten ere parte hartuko dugu. Zer egin pentsatu ez badugu ere, burutan darabilgu. Ideiak tabernetatik hartzen ditugu...
Aurrez prestatu eta probatu edo momentuan inprobisatu?
Denetarik izaten da. Batzuetan momentuan osagairen baten faltan beste zerbait gehitu eta pintxoa aldatu behar izaten da. Egiten duzunarekin gustura gelditzea nahikoa da sukaldari ona izateko!
Batzuetan pintxoak, besteetan taloak, paella erraldoiak...
Batzuetan plater gaziak eta besteetan gozoak, bakoitza bere momentuan egitea gustatzen zaigu. Baina gure espezialitatea txurroak txokolatearekin, sagar tarta, erroskillak... eta askoz ere gauza gehiago dira!
Mikro-ipuin lehiaketa, merkatu solidarioa... badituzue berrikuntzak...
Bai, berrikuntzak baditugu beti. Aurtengoa pasatuta heldu den urterako seguru beste ideiaren bat bururatuko zaigula...
Mikro-ipuin lehiaketaren batean saritua izan zen Aratz...
Euskaran Eguneko lehiaketarako ere ideiak biltzen hasia da! Horretan alaba da nagusi.
Inguruko txokorik politena?
Amatxiren etxeko terraza, handik dauden bistak.
Zerk egiten zaituzte zoriontsu?
Gutxirekin aski dugu kontent egoteko. Ezagutzen ez dugun toki bat bisitatzea, adibidez, plan ederra da guretzat.
Amets bat?
Bidaia luze bat egitea gustatuko litzaiguke.