Malerrekako Kultur Bira urriaren 6an abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 3a, 10:11
Jon Martin, Andoni EgaƱa eta Alaia Martin ariko dira larunbateko bertso-afari musikatuan Sunbillan.

Sunbillan larunbat arratsean eginen den bertso-afari musikatuaren ondotik, Zubietan, Urrozen eta Beintza-Labaienen eginen dira aurtengo kultur hitzorduak 

Bertsoak, bakarrizketak, ipuin-kontaketak... Euskara eta kultura uztartuz aurten ere egitarau erakargarria prestatu du Malerrekako Euskara Zerbitzuak urrirako. Kultur Biraren seigarren edizioa izanen da eta lau herri hauetan eginen du geldialdia: Sunbillan, Zubietan, Urrozen eta Beintza-Labaienen.  Malerrekako Mankomunitateak lau herriotako udalekin batera antolatu du Kultur Bira, Nafarroako Gobernuaren babespean.

 

Bertso-afari musikatua Sunbilla

Urriaren 6an, larunbata, Sunbillan eginen da kultur hitzorduetan lehenbizikoa. Ulibeltzak elkartean bertso-afari musikatua antolatu dute. Bertsotan Andoni Egaña, Alaia Martin eta Jon Martin ariko dira eta musikaz Ixak Arruti eta Gari Otamendi arduratuko dira.

Afaria larunbatean 21:00etan hasiko da eta txartelak udaletxean eta Fonda ostatuan eros daitezke, 35 eurotan.

 

Bakarrizketa saioa Zubietan

Euskararen Eguneko ospakizunen barne, Jon Martinezen eskutik umorezko bakarrizketari tokia eginen diote Zubietan urriaren 12an. Barrez blai emanaldia eskainiko da 20:30ean estalpean. Sarrera dohainik izanen da.

Saio honetan euskaldunen egunerokoan hurbilekoak diren gaiak ukituko ditu Martinezek, eta maitasunezko euskal abestien errepaso ttiki bat ere eginen du. Inprobisaziorako tartea ere izanen du bere saioak, eta ikusleen parte-hartzea ere sustatuko du.

 

Magia eta ipuin-kontalaria Urrozen eta Beintza-Labaienen

Kultur Biraren hondarreko bi hitzorduak Urrozen eta Beintza-Labaienen eginen dituzte, urriaren 20an eta 27an, hurrenez hurren. Urrozko plazan, Oliver Magoa, Blue, Eva & Liuba izanen dira plazan, 12:30ean hasita. Gainera, 11:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 19:00etara puzgarriak izanen dituzte plazan. Beintza-Labaienen Ameli ipuin-kontalaria Herriko Etxean ariko da, 17:00etan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun