Iruñeko aurrelariak asmatu zuen bai sakearekin, piloteoan eta banakako jokoak eskatzen dituen baliabide guztietan. Utergak berriz ez zuen bere jokurik egin eta ez zitzaizkion gauzak nahi bezela atera.
Urrizak sakearekin min egin zuen eta Utergak aldiz errestoan ez zuen piloteoan ekimena hartu. Jokaldi gutxiko finala izan zen eta Urrizak bere indarrarekin gibelean eginiko tantoak izan ziren gehienak.
Partidua ongi hasi zen Doneztebeko aurrelariarentat, 0-1 eta 2-3 aurretik, baina berehala hartu zuen aurrea aurkariak, 7-3, eta kontrolpean eraman zuen finala denbora guztian. Bederatzi tantoko aldea lortu zuen lan erditan 15-6 eta nahiz eta Utergak hiru tanto jarraian egin, 15-9, abantaila berriz handitu zuen eta azkenengoareki, 30-15, lortu zuen alde handiena.
52 minutu iraun zituen finalak eta Urrizak 19 tanto egin zituen piloteoan, bederatzi sakez eta lau galdu zituen guztira. Utergak zortzi tanto bakarrik lortu zituen piloteoan eta hiru sakez. Guztira bi pilota galdu zituen.
Urrizak sei txapela ditu jadanik eta Ezkurra eta gero gehien dituena da.
Urriza: «Finalak irabazteko daude»
Urriza pozik agertu zen prentsaurrean. «Sentsazio onekin amaitu dut. Egia esan partidua pentsatu bezala irten da, dena egin dugu ongi eta Utergari alderantziz ez zaizkio gauzak nahi bezala atera. Finalak irabazteko daude eta beste txapela bat irabazteko zortea izan dut. sakearekin min handia egin dut eta horrek iniziatiba eman nau piloteoan, gauzak erraztu ditu. Oso pozik nago gauzak nola irten diren ikusita».
Ilusio berezia egin dio txapela honek Urrizari. «Txapelketa hasieran asko sufritu nuen eta borrokatuz finalera ongi iristea lortu dut. Seigarren txapela irabaziko nuela pentsaezina zen erremontean jokatzen hasi nintzenean».
Uterga: «Nahi eta ezin izan da. Pena ematen dit nere maila eman ez izana»
Uterga etsita zegoen partida bukaeran. «Nahi eta ezin. Pena handiena nere maila ez ematea izan da, partidutik kanpo ibili naiz. Lagun pila etorri da eta tristura horrek ematen du. Konfidantza guztiarekin nengoen baina egunean ez dut asmatu eta ez dut neurea eman. Garbi genuen disfrutatu behar genuela eta ez da horrela izan. Gero berak 4-5 tanton aldea atera du eta ondoren partidutik atera naiz. Ez nuen asmatzen. Urriza txapeldun handia da. Ligaxkako sistemarekin zaila da esku sartzea. Kontuan hartu dezala enpresak. Partidu batera agian errazago izanen litzateke. Ezkurrari eta Retegiri egiten zieten».