Erremonteko buruz buruko finala jokatuko du Utergak larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 6a, 08:44
Jabier Urriza eta Xanti Uterga finalistak. Argazkiak: Maialen Andres

Doneztebeko erremontistak Jabier Urriza izanen du Kutxabank Torneoko finalean arerio

Utergarentzat hirugarren finala izanen da eta «baikor eta beldurrik gabe» dagoela adierazi du. Pilota aukeraketan ere gustura gelditu da.

 

Finalerako pilotak asteazken arratsaldean aukeratu zituzten bi protagonistek. Biek ere pisu bereko pilotak aukeratu zituzten, 128, 129 eta 130 gramokoak, baina Utergak, Etxeberria III.a lagun, pilota motelagoak aukeratu zituen. Hala ere, gustura gelditu zen: «bagenekien nolako pilotak aurkituko genituen, txapelketa osoan erabili ditugunen gisakoak dira. Bakoitzak gurea aurkitu dugu eta gustura gelditu gara. Ez dago aitzakiarik. Uste dut bereak biziagoak direla eta hori konpentsatzeko nireak motelagoak dira. Halere, baliteke  partidan nik bereak eta berak nireak erabiltzea».

Hirugarren finala

Doneztebeko erremontistarentzat hirugarren finala izanen da eta Urrizarentzat zazpigarrena. Finalari begira, Uterga konfidantzarekin dago, «indartsu nator. Ligaxka perfektua egin ondotik, gogotsu nago», adierazi du. Finalean «gakoa» sakea izanen dela uste du, «baina konfidantzarekin nago, eta kantxan hagitz gustura sentitzen naiz». Urrizari irabazten ahal zaiola uste du: «ligaxkan irabazi izan zaio. Finala jokatu aitzinetik galdutzat joko banu ez nintzateke aurkeztuko. Badakit nire aukerak baditudala, baina badakit hagitz zaila izanen dela». Horregatik, «lasai eta ongi jokatzen saiatu» nahi du. «Dudan guztia ematen badut, aukerak izanen ditut».

Joan den urteko finalean, Urrizak sakearekin min egin zuen eta hori saihestu nahi du doneztebarrak. «Kolpe gogorra du eta hor abantaila izanen du. Aurten errestoan eroso ibli naiz eta finalari begira ez dut inongo beldurrik». Edozein moduz, ez da ausartzen txapela inoiz baino eskurago duela erratera: «txapelketa berean bi aldiz jokatu eta bietan irabaztea konplikatuagoa da, baina nire jokoa egitera aterako naiz». Urriza ez da sobera eroso ibili ligaxkan eta hori badaki doneztebarrak: «hori aprobetxatzen saiatu beharko dugu eta momentu txarrak saihesten». Horrekin batera, «arriskatu» eginen duela erran du, «hori delako nire jokoa eta hori delako nik egiten dudana. Hori da jendeari gustatzen zaiona eta hori ez da aldatuko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun