Zubietako gazteek herri-kirol erronkarako deia egin diete eskualdeko herritarrei

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 1a, 09:50
Eskualdeko herritarrei herri-kirol desafioa bota diete

14 laguneko talde bat nahi dute, urriaren 13an herri-kirolak jokatzeko

Urriaren 13an Euskararen Eguna izanen dute Zubietan. Gazteak, dagoeneko, antolatze-lanetan ari dira eta aurtengoan bezperan egin ohi duten ilunabarreko pintxo lehiaketaz gain, badute beste zerbait antolatzeko asmorik. Urriaren 12an, jaieguna izaki, egitaraua osatzeko aukerarik ez dute galdu nahi.


Aurkari bila
Egun handia, ordea, urriaren 13an, larunbatean, izanen da. Urtero bezala, aurten ere, herri-kirolak jokatzeko asmoa dute. Baina orain artean ez bezala, ez dute herritarren arteko lehia izatera mugatu nahi. Hori horrela, eskualdeko herritarrei erronkarako deia egin nahi izan diete, herri-kirol desafioa proposatuz: «ohiko herri-kirol probak egiteko (koxkor biltzea, lasterka, txingak...) eskualdeko herritar talde bati desafioa bota nahi diegu. 14 lagun behar ditugu, emakumezko zein gizonezko, gazteak edo helduak larunbat goiza giro ederrean pasatzeko prest daudenak. Harremanetarako: 616 181990 edo 609 228926».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun