Toka, boneta eta zapatil jaurtiketa eta postre eta patata tortilla lehiaketak izan dituzte Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 14a, 10:56

Bestetako astelehenean peñen eguna ere izan dute gazteek

Denbora lagun ez izanda ere ekitaldi gehienak egiteko aukera izan zuten Sunbillako bestetako astelehenean: toka txapelketa, boneta eta zapatil jaurtiketa txapelketa eta postre eta patata tortilla lehiaketa. Gazteek ere ederki pasatu zuten peñaren egunean. Argazkiak: Maider Petrirena

 

Astelehen goizean toka txapelketa plazan egin beharrean eliz atarian egin zen. 47k parte hartu zuten eta giro ederra izan zen ikusleen artean. Arratsaldean ura-ura eta apar-besta ezin izan ziren eguraldiaren iragarpena sobera ona ez zelako, baina arratsaldean zartain eta aitzur tiraketa egin beharrean, frontoian boneta eta zapatil jaurtiketa egin zituzten. Boneta jaurtiketan 34k parte hartu zuten eta zapatil jaurtiketan berriz 30ek. Ondoren sariak banatu zituzten. Tokan irabazlea Eneko Ibarra izan zen, bigarrena Roberto Jauregi eta hirugarrena Xabier Lazkano. Boneta jaurtiketan berriz irabazlea Xele Olaizola, bigarrena Ekaitz Bertiz eta hirugarrena Xabier Mariezkurrena. Zapatil jaurtiketan irabazlea Unai Bereau, bigarrena Eneko Herrera eta hirugarrena Haritz Arriola. Partaide guztien artean bi zozketa egin ziren eta irabazleak Iñaki Murua eta Jon Iriarte izan ziren. Zorionak denei eta eskerrak aunitz parte-hartzaile eta nola ez antolakuntzari.

Ilunabarrean postre eta patata tortila lehiaketa izan zen. Bertan 10 postre eta 10 patata tortila aurkeztu ziren. Postreetan irabazlea Maite Berasategi izan zen, bigarrena Mertxe Etxepare-Nahia eta Hirugarrenak Mertxe-Juan Tomas Gago. Patata tortilla lehiaketan berriz irabazlea Xole Gartzia, bigarrena Agurtzane Zubieta eta hirugarrena Maria Jesus Iribarren.Epaimahaia Loli Gandarak, Jexux Mari Jorajuriak eta Edurne Urrozek osatu zuten. Ondoren pintxo dastaketa eta sagardoa izan zuten. 

Gazteek ere peñaren egunaz gozatzeko aukera izan zuten giro ederrean. Ulibeltzak elkartean izan zuten bazkaria eta gero herrian barna Eonian Elektrotxarangarekin ibili ziren musikaz gozatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun