Endika Urrutia sartu da finalerdietako ligaxkan, Ezkurra II.a kanporatuta

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 10a, 08:29
Endika Urrutia Barrenetxea IV.aren kontra ariko da asteartean.

Saldiastarrak joan den urteko erremonte txapelketako errebantxa hartu eta lau onenen artean ariko da 

Endika Urrutia saldiastarrak 30-23 irabazi dio abuztuaren 9an Galarretan Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari, buruz buruko erremonte txapelketari dagokion partidan. Gisa honetara, saldiastarrak iazko txapelketaren errebantxa hartu eta lau onenek jokatuko duten finalerdietako ligaxkan sartu da, Xanti Uterga doneztebarrarekin, Urrizarekin eta Barrenetxea IV.arekin batera.

 

Joan den urtean, finalaurrekoetan Ezkurra II.a sartu zen, Endikari 30-29 irabazita. Aurtez, alderantziz gertatu da. Ortzeguneko partida berdindua joan zen hasieran, Ezkurra II.ak min egiten zuen sakearekin eta joku ikusgarria eskaini zuten bi erremontelariek. Doneztebarrak 15-14 irabaztetik, saldiastarrak 16-23 irabaztera pasatu ziren ordea, 1-9ko partzialarekin eta bortz tanto sakez eginda tarte horretan. Hiru tantora hurbildu zen Ezkurra II.a, baina berriz ere sakearekin min eginez, 20-28kora joan zen Endika. 23ra ailegatu zen Ezkurra, baina azken bi tantoak Endikarentzat izan ziren (23-30).

Endikak 12 tanto egin zituen sakez eta 14 piloteoan. Lau pilota bertzerik ez zituen galdu. Ezkurra II.ak 6 tanto egin zituen sakez eta 13 piloteoan. Lau pilota galdu zituen, bi sakez eta bi piloteoan.

Finalerdietako ligaxka larunbat honetan hasiko da, Urriza eta Utergaren arteko norgehiagokarekin. Endika Barrenetxea IV.aren kontra ariko da asteartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun