Euskal Herriko Ingude altxatze txapelketa laugarren aldiz irabazi du Maika Ariztegik

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 10a, 07:57

Laugarren aldiz lortu du Maika Ariztegik Euskal Herriko txapela ingude altxatzen.

Gizonezkoetan, Josetxo Urrutia txapeldun orde izan zen abuztuaren 8an Getarian

Euskal Herriko in­gude-jasotze txapelketak jokatu zituzten abuztuaren 8an Getarian (Gipuzkoa). Pronostikoak bete eta Maika Ariztegi iturendarra txapeldun suertatu zen emakumezkoetan eta Arabako Jon Lapazaran gizonezkoetan, iaz bezalaxe.

 

2014an egin zen lehen aldiz emakumezkoen ingude-jasotze txapelketa eta Maika Ariztegi izan zen txapelduna. 2015ean, bigarren izan zen, Haizea Ziarrusta bizkaitarrak baino altxaldi bat guttiagorekin. 2016an, berriz ere txapela berreskuratu zuen Maika Ariztegik, iaz ere irabazi egin zuen eta beraz, aurtengoarekin Euskal Herriko laugarren txapela du modalitate honetan.

Getarian 10 kiloko ingudearekin minutu eta erdian 93 altxaldi egin zituen Maika Ariztegik txapela janzteko.  Karmele Gisasola bizkaitarrak altxaldi bat guttiago egin zuen (92); Elur Alberdi lapurtarrak 85 egin zituen, Garazi Arruti bizkaitarrak 82 eta Aiora Otazua bizkaitarrak 67.

Gizonezkoetan Jon Lapazaran arabarra nagusitu zen, 89 jasoaldirekin. Altxaldi bakarrera, txapeldun orde gelditu zen Josetxo Urrutia leitzarra, 88 jasoaldirekin. Gibeletik sailkatu ziren Ioritz Pereira bizkaitarra (86), Unai Ardeo bizkaitarra (82), Ousmane Drame bizkaitarra (82) eta Angel Aristides nafarra (68).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun