Endika Ezkurra II.aren kontra ariko da, buruz buruko txapelketako finalaurrekoetako ligaxkarako txartel baten bila

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 8a, 10:53
Endika eta Ezkurra II.a nor baino nor gehiago ariko dirt ortzegunean Galarretan, buruz buruko finalaurreko ligaxkarako txartela jokoan.

Azpiroz-i irabazi zion abuztuaren 7an Galarretan, baina doi-doi akitu zuen partida saldiastarrak

Buruz buruko 36. Erremonte txapelketa abuztuaren 7an, astearte eguerdian aurkeztu zuten Galarretan eta arratsaldean, txapelketako lehen partida jokatu zuen Endika Urrutiak Azpirozen kontra. Saldiastarrak irabazi zuen, baina doi-doi bukatu zuen partida. Ea Josetxo Ezkurra II.a doneztebarraren kontra larunbatean jokatu behar duen partidarako osatzerik duen.

 

Endika Urrutiak aunitz sufritu behar izan zuen estreineko partida horretan. Baina ez Azpirozen jokoarengatik, saldiastarra 14-4 irabazten ari zela bikian min hartu zuelako baizik, eta zalantzan jarri zen partida akituko zuenik ere. Halere, 27-14 irabazten jarri zen eta hiru tantoren faltan bazirudien garaipena erraz lortuko zuela. Ez zen horrela izan. Azpiroz 27-21 eta 28-24ra hurbildu zen. Baina errestoarekin eta sakez egindako zortzigarren tantoarekin lortu zuen Endikak garaipena (30-25).

 

Finalaurreko ligaxkarako txartel bila

Gauzak honela, Endika eta Josetxo Ezkurra II.a aurrez aurre izanen dira abuztuaren 9an, ortzegunean, buruz buruko txapelketarako finalaurrekoetako ligaxkarako txartel baten bila. Irabazleak esperoan izanen ditu Urriza txapelduna, Xanti Uterga doneztebarra eta Barrenetxea IV.a. Abuztuaren 11n, Uterga eta Urrizaren artean jokatuko duten partidarekin hasiko den ligaxka honetako irabazleak irailaren 8an jokatuko den finalerako txartela lortuko du zuzenean. Bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute irailaren 1ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun